2013/10/30

Artistak maitatzearen arteaz

Cuttie and the boxer pelikulako fotograma bat
Pasa den Donostiako Zinemaldian pelikula bitxi eta gomendagarri bat ikusteko aukera izan nuen: Cuttie and the boxer. Japoniar margolari bikote baten istorioa kontatzen du filmak, dokumental formatuan. New York-era bere arte-ibilbideari bultzada bat ematera iritsi berri den neska gazte batek gizonezko margolari bat ezagutzen du honen arte-galeria bisitatzera joanda, eta gizonaren artista planta orbanik gabeak txundituta berarekin maitemintzen da, eta haurdun geratzen segituan. Gizona, artista izateaz gain, ordea, zurrutero galanta da, eta ez du bere gain hartzen haurra zaintzeko erantzukizuna, halako moduz ezen emakumeak berak bakarrik atera behar baititu aurrera etxeko-lanak eta umearekikoak, uko eginez bere artista-senari eta margotzeko grinari, gizonak bere artista-ibilbide halamoduzkoa jorratzen segi dezan.

Pelikulak eragiten dituen hainbat gogoetaren artean (gizonak azpiratutako emakumea, artearen historia kanonikoan emakumeen aipamen urria...), beste bat gailendu zitzaidan niri, eta uda honetan irakurritako saiakera batekin lotu nuen segituan: "Maitatzearen arteaz" da liburuaren izenburua, Erich Fromm da egilea, eta maitasunari buruzkoen artean erreferentziazkoa omen da. 

Arte gisa definitzen du Frommek maitasuna, edo hobeto esanda, maitatzea; eta mendebaldeko gizartearen akats nabarmentzat jotzen du maitatua izatearen beharraren gaitza, noiz eta maitatzeaz arduratu beharko ginatekeenean maitatua izateaz kezkatu gabe. Egilearen arabera, arte bat da maitatzea, eta gainontzeko arte guztien moduan, hainbat ezaugarri eskatzen ditu: diziplina, pazientzia, kontzentrazioa eta lantzen ari garen arte horrekiko kezka gorena. Kontzentrazioari buruz dioenak harritu ninduen gehien.

Ezinbestekoa omen da kontzentrazioa mantentzea, baina ez soilik lantzen ari garen arte konkretu horretan, bizitzan egiten dugun gauza bakoitzean baizik. Ekintzarik ezdeusenean ere kontzentrazioa lantzea inportantea dela dio Frommek, baldin eta gero, landu nahi dugun arte horretan ere, arreta mantentzen asmatu nahi badugu. Gainera, ekintzarik hutsalenek ere, kontzentratuta eginez gero, beste dimentsio bat hartzen omen dute. Zerbait egiten ari garenean, egiten ari garen horretan gure indar guztia, arreta osoa, jartzea omen da kontzentrazioa, gero egingo dugun edo egin nahi genukeen horretan pentsatzen indarrak xahutu ordez (hiru-lau-bost gauza batera egin nahi izaten ditugunontzat, lezio ederra, zalantzarik gabe). Beste modu batean esanda, ni une honetan zurekin banago, zurekin nago eta kito, zurekin nago eta ez beste inorekin, zurekin nago eta zuk esaten didazun horretan daukat jarrita nire arreta osoa. Zentzu horretan, gaur egun ia denok soinean daramagun telefono mugikorra, bistan denez, etsai amorragarria da lantegi honetarako.

Idazleek, eta oro har artistek, badute euren munduan bizitzeko joera, euren arteari erabat emanak bizitzeko bizio hori; topikotik harago dago, lekua edo egoera edozein delarik ere, leku edo egoera hori euren arte-adierazpidera nola ekarri buruan bueltaka darabilten artisten irudi hori, edo leku edo egoera horretatik guztiz kanpo, munduari bizkarka eta atsedenik gabe, bilatzen dabiltzan formula magiko hori bilatzen segitzeko daukaten trebetasun hori. Artistentzat lana ez baita lana, ordutegiak ez baitira ordutegi, goiza ez baita goiz gaua gau ez den modu berean, une bat ez da besterik ideia miresgarri bat izateko momenturik aproposenaren aukera baizik. 

Badirudi artistek, hasieran aipatutako margolari japoniarrak legez, hain lotuta egonik euren jardunari, ez dutela indarrik gordetzen maitatzearen gisako arte arrunt batentzat, edo are larriagoa litzatekeena, ez dutela batere interesik, euren egiteko bakar eta berebiziko horrentzat soilik daukatela diziplina-pazientzia-kontzentrazioa-kezkagorena, gainontzeko guztia, seme-alabak izatea planteatze hutsa tarteko, euren etxe barrutik kanporako mundu arrunt eta arraro hau, denik ere, axola ez balitzaie bezala. Halakoa behar ote du tatxarik gabeko artistak?

Maitatzearen artean, maisuak igual ez, baina trebe samarrak izan nahi genukeen izaki arruntok ez ote dugu, beraz, benetako artisten olinpoan lekutxoren bat, miserablea bada ere, lortzeko aukera zipitzik?
 [Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkupean gehigarrian); 2013/10/24.]

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net