Trantze gogorra da halako operazio batena, bai operatu behar dutenarentzat, baina baita ingurukoentzat ere. Ez zen samurra izan kirofanorainoko bidea: aita, zeladorea lagun, ohatilan etzanda ebakuntzarako “trajearekin”, eta etxekoak aldamenean, aitari hauspoa ematen saiatzen. Poliklinikako langileek igogailuko sabaian jarritako pegatinari begira gogoratzen dut aita: "Murrizketarik ez!".
Hamar-hamaika urte nituela, Amurizaren bertsoak jarri zizkigun andereñoak ikastolan, hil berri zen aitari abestu zizkion haiek: “Aita izena kanta beharrak...”. Hainbestekoa izan zen bertso haiek nigan sortu zuten asaldura, ezen etxera ihes egin bainuen korrika, eskolak bukatu baino lehen, andereñoari txintik esan gabe. Ez omen nuen onik izan, aita lanetik bueltan etorri zen arte. “Halako besarkadarik, gutxitan!”, oroitzen da bera. Orotan bihozbera ni ere nonbait, "sentimenduzko bertsoek antzaldatzen zutena...". Hain zuzen, Leteren abestia kantatzen nion duela gutxi arte semeari, aztoratuta negar batean jartzen zitzaidanero, doinuaren leunak lasaituko zuelakoan: "non hago, zer larretan?". Urepeleko artzaina, behin eta berriz.
Ebakuntza egin diote aitari duela hiru aste, esan dizuet. Ospitalean
berarekin konpartitutakoarratsalde euritsu batean, 1967ko final gogoangarria ekarri zidan hizpidera. "Duela gutxi eman ditek berriz telebisioan. Ikusi al huen? Haiek txistuak Xalbador gizajoari! Halakoak gaituk euskaldunak!", esan zidan begiak diz-diz, askotan aitatuagatik hunkitzea ekidin ezinda. "Eta hik ba al dakik, jende guztia deabruak hartuta bezala txistuka ari zen bitartean, lehen ilaran zegoen gazte bat altxatu zela eta, oholtzari bizkarra emanez, jendeari geratzeko keinuak egiten jardun zela besoekin? Ezetz asmatu nor zen gizon hura!", bota zidan besaulkitik gorputza apur bat aurreratuta, begiak ezin irekiago. "Xabier Lete, Bertol, Xabier Lete!".
Gero ---Xala eta Irujoren artekoa hasia baitzen telebistan---, Retegik jokatu zituen hamalau finaletatik hamaikatan hasierako sakea alde izan zuela eta "barkatuko didak, baina hori estatistikoki gutxien-gutxienez susmagarria duk!" bota zidan aldamenetik, bapo suspertuta. Xalazaleak gara etxean, pilotari desberdina delako, artista izaera daukalako, gehiengoa Irujorena edo Olaizolarena delako. “Lastima! Nekatu egiten duk!”, esan zidan aitak, hamaikanakotik gora Irujo nola nagusitzen zen ikusten genuen bitartean. Eta pilota-partidaren ondoren, Troskiri buruz eta hura akabatu zuen pioletaz aritu ginen, Kennedyren hilketaz. Eta Canovas hil zuen anarkista italiarraren izena gogora ekartzen saiatu ginen bion artean arrakastarik gabe. Juduen sarraskiaren hasieratzat jotzen den kristal hautsien gaua Hitlerrek berak lehertarazi zuela dioen hipotesi berriari buruz hizketan ari nintzaiola agertu zen ama, gaua aitaren aldamenean pasatzera.
Banindoan etxera, berokia jantzita. Gurasoak agurtu eta gelako atean nintzela, "Bertol!" deitu zidan aitak ustekabean, eta buelta eman nuenean: "ba al dakik Xalbadorren heriotza dela osorik dakidan kanta bakarra?".
Urola-kostako Hitzan argitaratua, Arkupean gehigarrian (2013/11/27)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol