Ibai Lemon -CC (aitortu-ezKomertzial-partekatuBerdin)- |
Informatika eta bertsolaritza uztartuta
egindako lanengatik, baina batez ere azken bost bertsolari txapelketa
nagusien analisi estatistikoa Mintzolan aurkezteagatik gonbidatu
gintuzten BECeko terraza zientifikora. Terraza zientifikoa!,
tumatxa!, izen ponpoxoagorik, nekez. Eta IXA taldearen izenean joan
ginen, bai gustura joan ere. Exhibition Center erraldoiaren
atarian genuen hitzordua, handik eta hemendik etorritako kantu
inprobisatuaren hainbat ikertzailerekin batera. 50 bat lagun, asko
kataluniarrak, eta airean erreferendum usaina. Kartzelakoan tokatu
baietz, egin nion apustu nire buruari, eta eskerrak!, etxea galduko
nukeen bestela. Etxea galdu, eta txapela irabazi? Baina has gaitezen
hasieratik.
Aretorako sarbidea Xebastian Lizaso
bizargabe batek eman zigun, nondik gentozen galdetuaz. Euskal Herriko
Unibertsitatetik, esan genion, déjà vu sentipen
arraro eta ezinezko batekin. Egaña imajinatu genuen aulkiak jartzen,
gu kasik VIP eran aretora sartzen ari ginen bitartean... Lotsa apur
batekin egin genuen geure eserlekuetarako bidea, baina tira, aurrera,
aurrera!
BECen
final batean egon denak badaki zer den zortzi bertsolariak 14.000
pertsona artetik oholtza gaineraino igarotzen ikustea: bizarrak zut,
kristalak hausteko moduan. Euren larruan imajinatze hutsak
txorkatilak dardarka jartzen dizkizu. Nola egingo zuten beraiek lo,
niri gaueko 2ak arte
loa galarazi bazidan urduritasunak... Euskaldunontzat ez baita
nolanahikoa lau urtean behingo katarsi hau, estasi hau. Izan bagarela
antzematen da egun handi honetan, badela herri bat, badela hizkuntza
bat, badela amets bat lo ez dagoen herri honentzat. Eta ez digu loa
kentzen, baina esna mantentzeko balio digu amets horrek, amets horren
eszenaratzeak, den-dena gure esku dagoela irudikatze hutsak. Amets
bat izan nuen bart...
Baina ez
Luther King, ez Mandela, ez Katalunia. “Egoerak beste aldean jarri
zaitu”, izan zen goizeko kartzelako gaia. Eta zabalegia iruditu
bazitzaigun ere, gai-jartzaileek asmatu zutela esango nuke: bide
desberdinak aukeratu zituzten bertsolari guztiek, eta ohi baino
arinagoa izan zen kartzelako jarduna hartara. Baina has gaitezen
hasieratik...
Eseri
ginen, bada. Ezkerraldean ezagunak nituen, eskuinaldean AEBetako pope
bat, kasko eta guzti jarraitzen zuena inprobisazioa. Gauza batekin
konturatu nintzen: edo estatubatuarrek eta euskaldunok oso umore
desberdina dugu, edo bertsolariak baino hobeak ziren itzultzaileak.
Bromak utzita, tarteka entzun ahal izan nuen gaztelaniazko bertsioa,
eta seko harrituta geratu nintzen zeukan zehaztasunarekin! Zorionak,
beraz, itzultzaileei ere!
Arratsaldean
Eric Dicharry izan nuen aldamenean, iparraldeko antropologoa.
Bertsolaritza eta umorea aztertu ditu berriki, eta txapelketaren
kontura barre gutxitxo ez ote dugun egiten komentatu nion. Han bertan
hartu genituen estatistikek baieztatu zuten gure ustea: gaien % 77a
dramatikoak izan ziren; % 23a komikoak. Zortziko txikiko eta
puntukako 8 gaiez aparte, ia bat ere umorerik ez saio osoan zehar.
Eta hara, datu deigarria: final guztiko puntuazio altueneko bertsoak
—eta jendearentzat
gustukoenetarikoak ere bai, esango nuke—
puntukako saioan Mendiluzek botatakoak izan ziren, Olentzero eta aita
Noel lodikoteen gaiarekin; umoretsuak, hain zuzen.
Hikaren
erabilerari buruz ere alerta jarri ninduen lagun euskaldun berri
batek, eta ezin aukera pasatzen utzi. Finaleko bertso guztien %
0,01ean soilik erabili zen hikako erregistroa, bi bertsotan zehazki
esanda: txapeldunak batean eta txapeldun ordeak beste batean. Baita
bikain baliatu ere, Ametsek batez ere, guardia zibilaren larruan
jarrita kontakizunaren ildo nagusitik at torturatuei esan izaten
ziena gogora ekarri zuenean. Halako baliabide aberatsa izanik,
hikaren erabilera guztiz murritzak harrituta gauzka oraindik ere.
Txapelketaren
arrakasta erabatekoa izan da, itzela! Eta hori ospatu beharra dago
gaur. Baina bihartik aurrera, orain arte erakutsitako espiritu
kritiko berberarekin jarraitu beharko dute bertsolariek eta
antolatzaileek, aldez edo moldez zer hobetua badela erakusten baitute
lagin gisa jarritako datu hauek. Eurek badakite: hala eta ez bestela
irits daiteke horren gora.
Agur
hunkigarriekin bukatu zen txapelketa, eta txapeldunari eska dakiokeen
modukoa bota zuen Ametsek ere, bertsolaritzaren historiarako geratuko
den bukaera horrekin: “aitarena den txapel hau eskaintzen diot
amari / haurra nintzela euskaraz erakutsi zidanari”. Kontent zen
Eric, iparraldeko laguna: “Xalbadorrek irabazi ez zuen txapela
badaramagu azkenean”. Kontra egin nion: Xalbadorrek irabazi,
irabazi egin zuela!, txapela eman ez bazioten ere.
Irribarretsu
joan ginen lanera astelehenean. Biharamuneko ajeak ez dio askorik
axola, festa gogoratzeko modukoa bada, eta hala izan zen zinez
igandekoa. Watxapa idatzi zidan astelehen gauean bertan lagun
graziosoak. Mezuaren aurretik, DV-ko argazkia; terraza zientifikoan
egon ginenotako batzuk ageri ginen, eta argazkiaren azpian, testu
hau: <<Los expertos en oralidad siguen atentos las
improvisaciones>>. Segidan iritsi zen lagunaren mezua:
“Experto en oralidad!!!, ez haiz makala, ez horixe!”. Prosako
bertsolaria, beste hark esango lukeen moduan. Baina has gaitezen
hasieratik...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol