2015/11/30

Arbelaren lezioa

Ia nahi gabe, esperimentu interesgarri bat atera zitzaidan lehengoan, ikasgelan. 19-20 urte inguruko 30 bat ikasle dauzkat, zein baino zein zintzoagoak, ondo kieto eta isilik egoten direnak bakoitza bere aulkian. Ariketak egiten ari ginen, eta hamaika aldiz esan diedan arren ateratzeko lasai arbelera, ariketa gaizki egiten badute ez dela ezer gertatzen, are, hobe dela, baten akatsak zuzenduz guztiok ikasten dugula, alferrik izaten da normalean nire ahalegina, eta ipurdiek aulkian epel segitzen dute, bertan goxo. Ikaragarria da porrotari diogun beldurra, gauzak gaizki egiteari, jendaurrean lotsagarri geratzeari (xakearekin egitera doazen gisan, antzerkia ere derrigor landu beharko litzateke eskoletan, halako arazoak saihesteko, baina beste upel bateko ardoa da hori).

2015/10/15

‘Euskaldun’ eta ‘gaizto’ esaldi berean

Jon Mirande
Imanol Epeldek rapera ekarritako Euskaldun zintzoen balada indartsuak hartara bultzatuta, Miranderen poesia eta bere nobela motz ezaguna (Haur besoetakoa) irakurri ditut pasa den udan, Haur besoetakoa nobelan, berriz, pederastiako harreman baten kontakizun garratza ematen zaigu, literarioki nire ustez bikaina lehen erdian, esajeratuegia amaieran. Jakina da: antzeko gaia zerabilen Nabokovek bere Lolita jada klasikoan (eta arazo berbera dauka: hasiera bikainaren ondoren, bukaera esajeratuegia da, eta euskaldunarenak ez daukan beste bat: orri mordo bat sobran).
institutu garaiko irakurketa behartu eta alferrikakoari mendeku hartuta. Kasu, euskal klasikoetan orain arte topatu gabe nituenak aurkitu ditut (aipatutako klasikoen nire ezagutza ez izanik batere exhaustiboa, dena esan behar bada). Harritu nau bere poesia lizunaren gordinak, kontuan harturik 1950. urtearen bueltan idatzita daudela, eta nola dabilen baten eta bestearen kontra jori, bururik utzi gabe inoren lepo gainean;

2015/09/22

Ruta Bolaño


RUTA BOLAÑO

"Ruta Bolaño" delakoari segika topatu nuen hain ezkutuan zegoen jatetxe txiki eta apaina, kale ziztrin eta estu hartan, hain estua, non mahaien lerro bakar bat soilik kabitzen baitzen, pasatzeko lekua ere justua utzita. Baina itzala kategorikoa zuen, etxeek egindakoa, lodi-lodia, ez toldo edo sonbrillek sortutako artifizial eta mehar hori (eskertzekoa izaten da halako babesa, batez ere abuztuan, eta batez ere Blanesen gisako herri mediterranear batean bazaude), eta hara eraman nituen bikotea eta semea, goiz osoa idazle txiletarraren peskizan jardun ondoren.

- Probetxuzko zerbait egin duzu, behintzat -esan zidan emazteak, leku hartan planto egin genuenean. Gustatu zitzaion, antza, eta eskerrak, zeren, lau ordu luze semea berarekin hondartzan utzi ondoren, nola edo hala ordaindu beharko nuen nire bohemiotasun gutxi-asko antzeztu haren prezioa.

2015/07/31

Nadja

Emakume bat eta liburu bat burutik kendu ezinda nabil egunotan: Nadja da bien izena.

Nobelatxoaren une batean, izen bereko protagonistak idazlearen etxera deitzen du, eta idazlea ez dagoenez, enkargua hartu nahi dio telefonoz bestaldean daukanak. Non harrapa zaitzake?, galdetzen dio. Ni ez naute harrapatzen, erantzuten dio Nadjak.

2015/07/07

Fluorraren garaiak

Beste askoren moduan, oporretarako zenbat egun geratzen ziren kontatzen zuen horietakoa nintzen ni ere 13-14 urteren bueltan. Beste askok ez bezala, ordea, sufrikario hura esplizituago bihurtzen nuen, mahai gainean arkatzez idazten nituelarik aste santua igaro ondorenetik udako opor desiratu haietara arte falta ziren egunak (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 .......133, 134, 135), eta banan-banan ezabatzen, goizero-goizero, zenbaki bat (egunero bakar bat), udarako falta zirenen ilara luzea apur bat murriztuz, hareazko erloju krudel bihurturik nire mahaiko txoko hura. Denboraren iragaitearen eszenaratze hark, zenbakien ilara luze hark, astunago bihurtzen zuen itxaronaldia, zalantzarik gabe, baina baita ederrago bilakatu ere oporrak hartzen genitueneko une majiko hura. Azken astean, bost zenbakiz soilik betea nire mahaiaren goiko txokoa, ilargira doan kohetearen atzerako kontaketa nola, hala egiten nuen nik ere egunen ezabaketa, eta ezin duzue irudikatu 5 zenbakia, 4a, 3a, 2a, eta azkenik 1a ezabatzean hartzen nuen plazer ikaragarria. Ben Johnsonek, aitzitik, 100 metroak inork baino azkarrago egin zituen urteak ziren, dopina nabarmen azaleratu zen lehen aldia, Carl Lewisen mesedetan. Sergei Bubka 6 metroko jauzia egitera iritsi zen eta Reala berriz ere klub aberatsenen pare jarduten. Sabrinarekin amesten genuen orduko gau lizunetan.

2015/05/18

¡Pasa algo!

1988. urtean, Alvaro Bermejok euskarazko Donostia Hiria saria irabazi zuen gaztelaniaz idatzitako eta a posteriori beste norbaitek euskarara (berak ez baitaki) itzulitako ipuin batekin. Gutun-azalak ireki eta ipuinaren egilea nor zen ikusi zutenean, antolakuntzako kideek ezin izan zioten saria kendu —edo ez zuten horretarako ausardiarik bildu—, oinarrietan ez zetorrelako propio adierazia lanek jatorriz euskaraz idatzitakoak izan behar zutela. Gaztelaniazko ipuin onenaren saria jatorriz ingelesez idatzi ondoren espainierara itzulitako lan batek irabazi izan balu, ez litzateke zailegia baldintzazko esaldi honek izango lukeen amaiera asmatzea. Kontua da oinarrietako hutsune huraxe ondo baino hobeto baliatu zuela Alvaro azeri zaharrak batere mesprezagarria ez zen saria eskuratzeko, ez ordea bere patrika zulatuak —gizajoa!— betetzeko arrazoi sinple eta etikoki zalantzagarriarengatik, bai zera!, baizik eta salatzeko gaztelaniazkoaren gisako literatura oparo eta mundutarra eta euskaldunen mundu txiki eta itxiko literatura ez zirela parekagarriak, ezin direla inolaz ere diru-sari berdinarekin aitortu. Ba omen zen garaia gaztelaniazko jarduna zuten idazle txit azpiratuak lohiaren barrenetik kanpora zeruratzeko. Irabazi ondoren, salaketa argi eta ozen hel zedin heldu beharreko leku guztietara, pentsatuko duzue, fededun zintzook, uko egin ziola sariari, baina, alafede, kontrakoa egin zuen.

2015/04/19

Tortillaren arrautzak (Aitatasunaren ajeak eta biajeak XVIII)

Puzzle baten moduan antolatuta dago George Perecen La vie mode d'emploi liburua (“Bizitza eta erabilpen-argibideak”): hartu etxe oso bat, eraikin oso bat, eta bertan bizi diren guzti-guztien bizitzak kontatzen ditu, banan-banan eta pausoz pauso. Zehatzegia dirudien ekintza honek, ordea, pixkanaka, puzzle eder bat osatzera garamatza.

Atezainik dorpeena nola, halaxe harrapatu nau ni ere, kontrako hankaren gainean, aste honetarako artikulu hau egin beharraren gaztiguak (aste santuko oporren ajeak, seguru asko), eta halakoetan, jakina da, segurua da gola. Nire koadernoetako larrialdi-irteeretan hazka hasi naiz agudo, sute-eskaileran gora edo behera egin zalantzan.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net