Ariketa ebaztera boluntariorik ateratzen ez zela ikusita, lotsa
galtzen hasteko (bestelako argibiderik eman gabe) banan-banan arbelera
aterarazi nituen, gutxien-gutxienez beren izena idaz zezaten. Esaneko,
guztiek bete zuten nire agindua batere kexarik gabe, eta arbel osoa
eurentzat garbi asko zuten arren, errenkada eta zutabe zuzenetan idatzi
zituzten euren izenak, marrarik izan gabe ere 6 bider 5eko taula ia
perfektu bat osatuz. Inor ez zen gai izan, bere aurreko ikasleak
marraztutako disziplinari aurre egin eta taula irudikatu hartatik kanpo
ipintzeko bere izena. Baten bat ausartu zen ingurukoek baino
letra-tamaina nabarmen handiagoa erabiltzera, besteren batek ezizena
jarri zuen (kasu, ez aurretik niri baimena eskatu gabe!), baina hortik
kanpo, matxinada gutxi; uniformetasun ia beldurgarriarekin jardun zuten
guzti-guztiek gainontzean.Beldurra ematen digu taldetik kanpo sentitze hutsak, ez gara arauak haustera ausartzen, meneko gara egin beharrekoa justua den ala ez geure buruari galdetu ere egin gabe, zintzoak gara zintzotasuna zer den zalantzan jartzera iritsi gabe.
Aurki denbora luzean klaseak emateari utziko diodalako ausartu naiz agian halakoak egiten aurtengoan, ikasgelara akaso sekula bueltatuko ez denaren askatasunak —beldur ezak— bultzatuta seguru asko. Eta damu naiz lehenago horrelakoak gehiago egin ez izanaz, ni ere zintzo —zintzoegi— eta zuzen —zuzenegi— aritu izanaz, sentitzen dudalako ni izan naizela, hezkuntza sistemaren aurreko guztiei batuta, ikasle hauei arbelean lerro eta zutabe ikusezin baina ondo mugatuak jarri dizkien azken katebegia.
Bi eskuak altxatzeko agindu nien. «Zorionekoak gu! Inork ez dio alerjiarik klarionari!», egiaztatu nuen, eta boluntarioak eskatu nituen arbelean ariketa ebazteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol