2015/10/15

‘Euskaldun’ eta ‘gaizto’ esaldi berean

Jon Mirande
Imanol Epeldek rapera ekarritako Euskaldun zintzoen balada indartsuak hartara bultzatuta, Miranderen poesia eta bere nobela motz ezaguna (Haur besoetakoa) irakurri ditut pasa den udan, Haur besoetakoa nobelan, berriz, pederastiako harreman baten kontakizun garratza ematen zaigu, literarioki nire ustez bikaina lehen erdian, esajeratuegia amaieran. Jakina da: antzeko gaia zerabilen Nabokovek bere Lolita jada klasikoan (eta arazo berbera dauka: hasiera bikainaren ondoren, bukaera esajeratuegia da, eta euskaldunarenak ez daukan beste bat: orri mordo bat sobran).
institutu garaiko irakurketa behartu eta alferrikakoari mendeku hartuta. Kasu, euskal klasikoetan orain arte topatu gabe nituenak aurkitu ditut (aipatutako klasikoen nire ezagutza ez izanik batere exhaustiboa, dena esan behar bada). Harritu nau bere poesia lizunaren gordinak, kontuan harturik 1950. urtearen bueltan idatzita daudela, eta nola dabilen baten eta bestearen kontra jori, bururik utzi gabe inoren lepo gainean;



Biak ala biak urte beretsuan idatziak, ez zuten ordea elkarren aditzerik izan bakoitzak bere nobela idazteko tenorean. Nabokovek idazleen olinpoa eskuratu zuen, Mirandek etsaiak soilik han-hemen. Ez, agian, nobelarengatik (nobelarengatik ere bai), baizik eta bere iritzi xenofoboengatik eta nazismoaren alde erakutsi zuen jarreragatik, horrenbeste ezen kolaboratzaile pasibotzat joa izan baita. «Faxista eta antisemita, ez kristau, ez sozialista, tabu guztiak, baita sexuala ere, hautsi nahi zituena, garaiko euskal munduan tokirik aurkitu ezinik ibili zen», idatzi zuten Koldo Izagirrek eta X. Mendiguren Elizegik. Eta nik dudan inpresioa da, euskal munduan bakarrik ez, mundu osoan oro har tokia aurkitu ezinik ibili zela, harik eta bere buruaz beste egin zuen arte 1972. urtean. Hara, zer idatzi zuen 1961eko gutun batean: «Dakhusazun bezala, perilean nago Euskalherriko demokratek urde faxistatzat atxikiko nautela, latin herrietako faxistek urde demokratatzat atxikiko nautelarik… eta funtsean ez naiz ez bata ez bertzea, europar razista baizik».

Nietzche-ren oihartzunak omen ditu Miranderen jarioak; Bukowskiren nihilismoa eta probokazioa etorri zaizkit niri gogora, bere zenbait testu eta iritzi irakurtzean. Edozelan ere, ezin naiz ados egon Itxaro Bordarekin, zera dioenean: zuzena dela idazle faxistak eta naziak ez oroitzea, Frantzian Celine-rekin egiten duten eran (Hegats, 50). Gaitza da berriz gogoratu beharra, baina obra literarioki ona bada, zergatik galdu ahanzturan? Ez al gara gai, bada, obra baten literaturtasuna goretsi eta era berean egileak —edo are, liburuak berak— izan ditzakeen iritzi kondenagarriak mespretxatzeko? Pentsa zenbat debaldeko eztabaida izango genituzkeen Sarrionaindiaren kontura esate baterako… Agudo etorriko bailitzaizkiguke aldekoak eta kontrakoak, ahazturaren marra lodia non jarri behar den argudiatuz.

Obrarekin miretsita idazlea goresteko dugun joera zentzugabe baina orokorrak kezkatuta idatziko zituen seguruenik Itxaro Bordak hitzok, baina arazoaren muinera heltzea soilik saihesten da horrela, hain erraza izanik ekuazioaren ebazpena: ez jainkotu idazleak, jainkoarren!

Kontuan hartzeko obra idazteaz gain, gutxien-gutxienez ondo aztertzea merezi duen autorea da Mirande, nahiz eta —bai— gutunak Heil Hitler! ala Juduak hil! idatziz bukatzen zituen. Euskaldun zintzoek, ordea, ez dute ezer jakin nahi euskaldun gaiztoez, direnik ere! Alabaina, ez litzateke ideia txarra, San Telmo museoak adibidez (hain ideia kontrajarriak zituen Passolinirekin ondo dotore egin duen eran, eta haren kontrapuntu gisa esaterako), Miranderen obrako eta bizitzako kontuak jendaurrean paratuko balitu, eta bide batez argitara eman Txomin Peillenek idazle zuberotar Pariskoari buruz —diotenez— sekretupean gordeta dituen hainbat izkribu. Baina, noski, hainbeste etsai izan zituen idazle (euskaldun!) gaizto batentzat, gehiegitxo eskatzea izango da, ezta?

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net