2015/12/14

Agurraren lezioa

Gauzak gehiegi luzatzeak ez duela onik egiten, horixe dio Calamarok bere Crímenes perfectos abesti eder bezain ezagunean, eta nire gisakoei, edozertan konstantziaz jarduteko arazoak ditugunoi, gure arreta osoa kontu bakar bati eskaintzea hain nekeza zaigunoi, aterpe ezin hobea eskaintzen digu kantari argentinarraren baieztapenak, eta, hori gutxi balitz, helduleku bat ematen digu —gure bizimodu txoroa eraikitzeko lehenengo harria—, egunero bizitza berri bat bizi nahiko genukeen inuzenteoi, zerotik behin eta berriz hastearen edertasuna miresten dugun tenteloi. Besterik da zenbatetan egiten diogun jaramon Calamaro gizajoari, zenbatetan ausartzen garen hau edo hori gehiegi luzatu dela onartzen.



Konstantziak konstantzia, hogei artikulu baino gehiago idatzita, eta gehiegi luzatzen ez ote nintzen ari iritzita, agur esango diot azkenean, Urola Kostako Hitza-k duela bi urte pasa eman zidan plaza honi (eskerrik asko, Leire!, plazer handia izan da). Eta, urtearen azken egunekin batera, adio esango diot, baita ere, hamabost urte baino gehiagotan EHUn izan dudan irakasle-ikerlari postuari: gero arte, gutxienez, biei ala biei.

Pailazoarena sarrixeago ez egin izanaren damuarekin eta tristura urdin antzeko batekin esango diet adio ikasleei; ikasiko ahal zuten nirekin bizitzaz, informatikaz ikasi dutena baino gehixeago! Penaz agurtuko ditut unibertsitateko lankideak eta IXA taldeko lagunak ere, badakidan arren hortxe egongo direla bisita egitera joan nahi dudan bakoitzean. Ederki kantatu zuen Ruperrek despedidaren mikatzaz: «agurraren lezio hori ikasteko / ahazten jakin behar. / Lezio hori ez dago ikasterik / (hala esaten dizuet nik). / Nork du ahazten ikasiko? / Bagoi gehiegizko trena / gauean barrena».

Leiho honetan idatzita utzi nuen istorioak kontatzearena dela munduko ofiziorik ederrena, aita izatearenarekin batera, eta zeregin horietara bideratu nahiko nituzke indarrak datorren urtetik aurrera. Agian, horiek direlako egunero-egunero bizitza berri bat bizi ahal izateko biderik erosoenak, behin eta berriz zerotik hasteko modu ez-suntsitzaile bakarrak. Edo, akaso, bizitza den erabilpen-argibiderik gabeko tramankulu zentzugabe (eta eder) honi ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Edo, beharbada, hain zaila den agurraren lezioa behingoagatik ikasteko, orri zurietan betirako idatzita utziz, betirako ahaztu nahiko nukeen horixe bera.

Laster arte!
                                                         Urola-Kostako Hitzan argitaratua, 2015/12/10

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net