2015/04/19

Tortillaren arrautzak (Aitatasunaren ajeak eta biajeak XVIII)

Puzzle baten moduan antolatuta dago George Perecen La vie mode d'emploi liburua (“Bizitza eta erabilpen-argibideak”): hartu etxe oso bat, eraikin oso bat, eta bertan bizi diren guzti-guztien bizitzak kontatzen ditu, banan-banan eta pausoz pauso. Zehatzegia dirudien ekintza honek, ordea, pixkanaka, puzzle eder bat osatzera garamatza.

Atezainik dorpeena nola, halaxe harrapatu nau ni ere, kontrako hankaren gainean, aste honetarako artikulu hau egin beharraren gaztiguak (aste santuko oporren ajeak, seguru asko), eta halakoetan, jakina da, segurua da gola. Nire koadernoetako larrialdi-irteeretan hazka hasi naiz agudo, sute-eskaileran gora edo behera egin zalantzan.


Eguraldiarekin batera begien kolorea aldatzen zaion neskatila topatu dut, txikitako oroitzapen zimelduak, poema mikatzegi edo gozoegiak (ez: zaurian hatza sartzea bezala behar du poema batek).

Nire izatearen piezak koaderno hauetan gordeta ditudala ohartu naiz, nahiz eta fikzioa egiteko ideiak izan asko eta asko. Ez naiz oroitzen nola otu zitzaidan idaztea hori adibidez, eguraldiarekin batera begien kolorea aldatzen zaion neskatilarena, baina ziur naiz horretara iristeko izan nuen arrazonamenduen, bihozkaden edo bulkaden segida naizen puzzle iragankor hau osatzeko baliagarri litzatekeela. Idatzi ditudan poema gutxi horiek garai beretsukoak izate hutsak ere osatzen du zati bat. Gauza bakoitza idazteko hartu dudan patxadak edo presak (letraren utzikerian edo txukuntasunean nabarmentzen denak), beste bat.

Semeak bota dizkidanak topatu ditut han-hemen: “Aita, tortillak egiten erakutsi behar didazu, zuek hiltzen zaretenerako”, edo Katalunia aldeko zeru beltz eta izartsuaren erdian ilargi beteari begira izan genuen elkarrizketa hura (lau urte egitear izango zen):

- Ederra ilargia, e! -esan nion nik.
- Eta zer dira hor dauzkan bi mantxa horiek?
- Begiak, igoal.
- Eta ahoa?
- Ez du izango...
- Bai, aita! Zerua da ilargiaren ahoa!

Erabilpen-argibiderik ez dakarren tramankulu zentzugabe bat besterik ez da bizitza. 

Urola Kostako Hitzan argitaratua (2015/04/16)

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net