2015/07/07

Fluorraren garaiak

Beste askoren moduan, oporretarako zenbat egun geratzen ziren kontatzen zuen horietakoa nintzen ni ere 13-14 urteren bueltan. Beste askok ez bezala, ordea, sufrikario hura esplizituago bihurtzen nuen, mahai gainean arkatzez idazten nituelarik aste santua igaro ondorenetik udako opor desiratu haietara arte falta ziren egunak (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 .......133, 134, 135), eta banan-banan ezabatzen, goizero-goizero, zenbaki bat (egunero bakar bat), udarako falta zirenen ilara luzea apur bat murriztuz, hareazko erloju krudel bihurturik nire mahaiko txoko hura. Denboraren iragaitearen eszenaratze hark, zenbakien ilara luze hark, astunago bihurtzen zuen itxaronaldia, zalantzarik gabe, baina baita ederrago bilakatu ere oporrak hartzen genitueneko une majiko hura. Azken astean, bost zenbakiz soilik betea nire mahaiaren goiko txokoa, ilargira doan kohetearen atzerako kontaketa nola, hala egiten nuen nik ere egunen ezabaketa, eta ezin duzue irudikatu 5 zenbakia, 4a, 3a, 2a, eta azkenik 1a ezabatzean hartzen nuen plazer ikaragarria. Ben Johnsonek, aitzitik, 100 metroak inork baino azkarrago egin zituen urteak ziren, dopina nabarmen azaleratu zen lehen aldia, Carl Lewisen mesedetan. Sergei Bubka 6 metroko jauzia egitera iritsi zen eta Reala berriz ere klub aberatsenen pare jarduten. Sabrinarekin amesten genuen orduko gau lizunetan.


Fluorraren garaiak ziren. Igerilekutik ekarria zirudien likido hark gure ahoko labadoran jiraka zirauen bitartean, Koldo etortzen zitzaigun ipuin bat kontatzera. Ipuin txikiak ziren, inprobisatuak akaso, baina gozatu egiten genuen irakasle bat pailazoarena egiten ikusten. Kutxa handi baten barruan, beste kutxa bat, eta barruan beste bat, eta barruan beste bat, eta barruan beste bat eta azkenengoan galtzontziloak topatu zituen harena, bere tontoan, ez zait sekula ahaztu. Erlijiora joan ordez, etikara joaten ziren lau-bost umeak, artean arraroak ziren garai haietan. “Aviso de bomba” zela eta, haur guztiak ikastolatik ateratzen gintuzten batzuetan. Ikaratuta, etxeraino joan nintzen behin, gelara bueltatzeari uko eginda (ikastola osoa ondo arakatzeko denbora nahikoa izan ez zutelakoan). Hamarkada hasierako beldurrak, ezer ez gertatzearen ondorioz, errutina dibertigarri bihurtu ziren hamarkada bukaerarako (edo gu gixondu ginen), horrenbeste ezen klase-orduren bat galtzeko egiten ziren bromazko deiak ugaldu egin baitziren. Bertsoen lilura ere ezagutu genuen urteotan, eta Amurizaren “Aita izena kanta beharra” hezurretan ondo itsatsita daramat ordudanik, Agurtzane andereƱoaren magalaren goxotasuna bezainbeste.

1975. urte esanguratsuan jaio ginenok Francoren heriotzak eta diktaduraren amaierak ekarri zuen gutxi gorabeherako “lasaitasunaren” lehenengotariko umeak izan ginela esatea ez da gehitxo esatea. Salbuespenak salbuespen, bizimodu normal-normala egiten genuen, etxean bezala jarduten ginen ikastolan, eguneroko xextra txiki eta arruntekin noski, baina euskara hutsean ikastearen normaltasun barean: 1965. urtean amesten zena lortua zen azkenik! Horixe bakarrik, baina hori guztia izan zen 80. hamarkada hartan Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak erdietsi zuena: bizikleta aldapa behera jartzea. Gaur egun, kasik latzagoa da erronka, pedalei eragiten ikastearen garrantzia apur bat baztertu, eta bizikletarekin hegan egiten erakutsi behar baitzaie haurrei, eta horretarako bide bakarra dago: ikasleen alboan jarri eta beraiekin hegan egitea. Agian, horrela, ez da mahaiko goiko txokoan oporrak iristeko falta diren egunak idatziko dituen ume inozorik izango. Edo agian bai. Zeren, denok dakigun moduan (guztiok izan baikara ikasle), eskola guztiek daukaten gauzarik onena horixe da: oporrak, adiskidea, oporrak. 

Salbatore Mitxelena ikastolaren 50. urteurrenaren harira idatzitako testua, 1975. urtean jaiotakoen izenean
 (artikulu honen bertsio laburtua Urola Kostako Hitzan argitaratu zen, 2015/06/20an). 

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net