2013/06/09

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (XI): Boto baten truke

Ez da posible izan. Ezin izan diogu gehiago eutsi: pasa den larunbatean zentro komertzial batera joan ginen, zentro komertzial gorrotagarrienean hartu genuen aterpe. Aitortzen dugu. Ia hiru urte eutsi diogu, elurrak, txingorrak eta euri amaiezinak jasan ditugu ahal izan dugun moduan, inguruko liburutegi guztiak eta bertako haur txokoak, frontoi estaliak, tabernak eta kafetegiak, akuariumak, museoak, elizak, antzokiak ezagutu ditugu, baina agortu zaizkigu ideiak, agortu ipuinak, mozorroak, marrazkiak, eskulanak, puzzleak, baloiak, pilotak, panpinak, kamioiak, hondeamakinak, trenak, hegazkinak ­–are, baita telebistak eta ordenagailuak eskaintzen dizkigun leihoak ere–, bukatu zaigu imajinazioa, azken euri-izurrite eternalak hutsik utzi gaitu, ez dakigu nora joan, ez dakigu zer egin, alderrai gabiltza etxeko zoko ezkutuenetatik, jostailu berriren bat izan daiteken ezer non topatuko, 1002. ipuina nola asmatuko, nola aterako probetxua apal hautseztatuetan pilatutako erlikia merkeei, eta ez dugu erdiesten, ez zaigu ezer bururatzen, eta okerrena dena, ezin diogu buelta eman kontuari.

Horregatik, mesedez eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari edo Europar Batasunari edo jakintsuen komiteari edo Francoren itzalaren biboteari, arren, ordain dezatela Lorenzo askatzeko eskatzen dutena, otoi, eman diezaietela haiei eskatzen duten guztia, helikoptero bat Kaiman Irletara joateko, dolarrak, euroak eta yenak, eman diezaietela dena.

Edo, bestela, egin ditzatela parke estaliak behingoz, egin dezatela zerbait –eta azkar!–, umeak ditugun gurasoen suizidio-tasak gehiago gorantz egin ez dezan bederen. 

2013/05/25

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (X): hizkuntza dela eta ez dela (III)


Txundigarria da, zinez, hizkuntzaren eskuratzea nola egiten duten umeek. Soinu arraroenetatik hasita, ziztuan igarotzen dira silaba itxura dutenetara, eta horien errepikapenez lehen hitzak sortzera. Entzuna neukan p edo t hizkia erroan duten hitzak sortzea errazagoa dela umetxoentzat, m hizkia dutenak baino, eta horregatik esaten dituztela lehenago aita edo papá gisakoak, ama edo mamá lakoak baino, eta ez aiten harrotasuna puzteko balio lezaketen arrazoiengatik… Hala, nahiko ohikoa omen da egun osoa amarekin igaro arren aita izatea umeak dioen lehen hitza, ama saiatu eta nekatuaren etsipenerako usu.

Gure umeak, aldiz, ma deitzen zion amari eta na deitzen zidan niri, urtea ondo konplitua zuela. Hala, bioi deitzeko, mana kuriosoa oihukatzen zuen. Halakoetan (manaaaaaa!!!), zera itzultzen zuen tarte-hizkuntza arraroen nire itzulpen-motor berezituak: aita edo ama, berdin zait nor, baina etorri oraintxe bertan!

Garai hartan pasa zitzaidan kontatzera noana, siesta luze baten ondoren semea esnatu eta ni haren ondoan gertatu nintzen batean, hain zuzen. 

2013/04/15

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (IX): hizkuntza dela eta ez dela (II)


Ez zait sekula ahaztuko lehen edalontzia eskuetan geneukala egin zidan galdera:

-          Eta hik zergatik ez didak niri hika egiten?

Begi-zeharka begiratu nion finlandiar lagunari, eta klink edan nuen sagardoa.

Jo eta ma geratu nintzen. Urtebete eskas zeraman gurean, eta hika egitea nahi ez zuen ba tipoak! Lauzpabost baso sagardoren ostean bertsotan ere hasiko zaidak hau, egin nuen nire artean...

Gerora pentsatu nuen normala zela bere eskaera, hika egiten ikasi nahi duenari hika egitea baino hoberik ez dagoela, nahiz eta berak zuka erantzun gero (euskaraz egiten ikasi nahi duenari euskaraz egitea bezalakorik ez dagoen moduan, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun). Hain da erraza teoria, eta hain zaila praktika!

Gogoan dut semeari hitz egiten hasterako horixe izan zela hartu behar izan nuen lehen erabakietako bat: zuka edo hika.

2013/03/21

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (VIII): hizkuntza dela eta ez dela (I)



Korrika ari garen egunotan, hizkuntzaren eskuratzeaz jardutea bururatu zait, misterio eder horri buruz. Ikustekoa baita nola zurrupatzen duten umeek inguruan entzundakoa, nola hasten diren pixkana-pixkana hitz egiten, zein azkar garatzen duten euren komunikatzeko gaitasuna, eta, aldiz, zenbat kostatzen zaigun helduoi beste hizkuntza bat ikastea...

2013/03/07

Zebra beltz bat nire egongelan

Anariren "Zebra" diska ( X. Gantzarainen diseinua)   
Halako kasualitate kate baten ondorioz, lehen ilaratik eta konpainiarik gabe ikusi nuen Anariren kontzertua (2012/02/23; Donostia, Victoria Eugenia). Ezkerretara, eszenatokira ematen zuten lau eskailerak; eskuinetara, aulki huts bat. Atzean, antzokia lepo beterik, hutsa ordea niretzat, eta aurrean, ozeano haren erdian, Anari, nigandik hiru metro eskasera.

2013/02/26

"Alter ero": seigarren kritika


Ezin kexatu kritika kopuruaz, seigarrena jaso baitut "Alter ero" liburua dela eta, Gara egunkarirako Iker Zalduak idatzitakoa, hain zuzen. Gazi-gozoa da hau ere.

"Segi irakurtzen" klikatu (hemen beheraxeago), osorik irakurri nahi izanez gero.

"Alter ero" liburuari dagozkion kritika guztiak irakurtzeko,
egin klik hemen: "Alter ero" kritikak

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net