Anariren "Zebra" diska ( X. Gantzarainen diseinua) |
Hasieratik jakin nuen berezia izango zela bidaia hura, eraman nintzan uztea zela egin nezakeen onena. Eskutik heldu zidan Anarik, itsas hondora erakarri, erori egin ninduen, gorantz, aingura hegodunari eutsita. Ura garelako gara naufragoak, esan zidan ur handitan barneratzen ninduen bitartean. Erakutsi zizkidan ezagutzen ez nituen uraldeak, edo nire itsasorik ezkutueneko ur uherreko deslekuak. Ozeano beltz eta hotz haren azpian ibili ninduen, amuak ziruditen alderantzikatutako galdera ikurren artean, aingura herdoilduen hilerrietan barna. Irlak ziruditen bale beltz hondoratuak ikusi nituen, elkar jaten zuten arrainak, arrainen begietan harriak. Ez zen argirik nabaritzen inon, ezin jakin non zegoen goia non behea.
Hondoan gelditzeko desioak nigan habia egin zuenerako, ur azalera aterarazi ninduen. Zebra bat zen, orain, zebra beltz bat nire etxeko egongelan, marra zuririk gabeko zebra beltz bat. Eta mikrofonoa alde batera utzita, belarrira erregutu zidan xuxurlan, eranzteko arropak, biluzteko dudak, laburtzeko laburtu ezin diren distantziak. Zein izen dute besarkadak baino gertuagoko besarkadek?
Ahaztuta neukan ur azpian arnasa hartzen dakigula jaiotzen garela, jaiotzeko une berean ahazten zaigula. Ahaztuta neukan zein erraza den hain zaila dirudiena. Nahikoa da erortzen lagunduko dizun esku bat alboan izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol