Korrika ari garen egunotan, hizkuntzaren
eskuratzeaz jardutea bururatu zait, misterio eder horri buruz. Ikustekoa baita
nola zurrupatzen duten umeek inguruan entzundakoa, nola hasten diren
pixkana-pixkana hitz egiten, zein azkar garatzen duten euren komunikatzeko
gaitasuna, eta, aldiz, zenbat kostatzen zaigun helduoi beste hizkuntza bat ikastea...
Badira salbuespenak, hala ere. Badugu
Informatika Fakultatean finlandiar ikerlari bat, urtebete pasatxoan, eta
euskaltegian asteko bizpahiru arratsalde igarota, euskaraz primeran
komunikatzeko gai dena. Ez nituzke lau eta bost urte euskara ikasten
daramatzaten ikasleak desanimatu nahi: lasai, tipo honek gaitasun berezia dauka
hizkuntzetarako.
Ingelesa ere bikain hitz egiten du, Finlandian
ia denek bezala. Bere azalpena entzun nahi izan nuen:
-
Finlandian oso berandu, 6
urterekin, irakasten da irakurtzen ––esan zidan sagardotegirantz gindoazela––,
baina ordurako haur gehienek bere kabuz ikasia dute. Pelikula guztiak eta kate
atzerritarrak jatorrizko hizkuntzan ikusten ditugu telebistan, finlandierako
azpitituluekin. Nola ez dugu, bada, ingelesa ikasiko! Eta telebistan diotena
ulertu ahal izateko grinak bultzatuta ikasten dugu irakurtzen, gainera! Telebistak,
ikustekotan, balio dezala zerbaiterako, ezta?
Finlandia, beti Finlandia, egin nuen nire
artean, eta sagardotegira sartu ginen tipo hari zer bertso bota niezaiokeen
pentsatzen nuen bitartean.
Ez zait sekula ahaztuko lehen basoa eskuetan
geneukala egin zidan galdera:
-
Eta hik zergatik ez didak niri hika egiten?
Begi-zeharka begiratu nion finlandiar ––putaseme––
hari, eta blink edan nuen sagardoa. Ez da komeni basoan epeltzen uztea.
(...jarraituko du.)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol