2013/03/21

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (VIII): hizkuntza dela eta ez dela (I)



Korrika ari garen egunotan, hizkuntzaren eskuratzeaz jardutea bururatu zait, misterio eder horri buruz. Ikustekoa baita nola zurrupatzen duten umeek inguruan entzundakoa, nola hasten diren pixkana-pixkana hitz egiten, zein azkar garatzen duten euren komunikatzeko gaitasuna, eta, aldiz, zenbat kostatzen zaigun helduoi beste hizkuntza bat ikastea...

2013/03/07

Zebra beltz bat nire egongelan

Anariren "Zebra" diska ( X. Gantzarainen diseinua)   
Halako kasualitate kate baten ondorioz, lehen ilaratik eta konpainiarik gabe ikusi nuen Anariren kontzertua (2012/02/23; Donostia, Victoria Eugenia). Ezkerretara, eszenatokira ematen zuten lau eskailerak; eskuinetara, aulki huts bat. Atzean, antzokia lepo beterik, hutsa ordea niretzat, eta aurrean, ozeano haren erdian, Anari, nigandik hiru metro eskasera.

2013/02/26

"Alter ero": seigarren kritika


Ezin kexatu kritika kopuruaz, seigarrena jaso baitut "Alter ero" liburua dela eta, Gara egunkarirako Iker Zalduak idatzitakoa, hain zuzen. Gazi-gozoa da hau ere.

"Segi irakurtzen" klikatu (hemen beheraxeago), osorik irakurri nahi izanez gero.

"Alter ero" liburuari dagozkion kritika guztiak irakurtzeko,
egin klik hemen: "Alter ero" kritikak

2013/02/03

New York-eko argazkiak, zuri-beltzean

2008an New York-en egindako argazkien zuri-beltzeko bilduma bat jarri dut webgunean.
Egin klik HEMEN, bilduma ikusteko. Ea gustatzen zaizkizuen.
New York-eko argazkiak HEMEN ikusgai


2013/01/24

"Alter ero": bosgarren kritika

"Alter ero" liburuari zegozkion kritika guztiak amaitu zirelakoan nengoen, baina bosgarrena argitaratu berri da ustekabean (ezetz seigarrenik atera!). Argiaren webgunetik irakur dezakezu kritika osorik: http://www.argia.com/argia-astekaria/2354/alter-ero

Edo arazoren bat izanez gero, hemen jarraian, "segi irakurtzen" botoia sakatuta.

2013/01/08

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (VII): pikutara dena!

Lagun batek esan dit aitatasunaren ajeei buruz ezer gutxi idatzi dudala oraindik, ea dena polita den. Galdera erretorikoa, inondik inora, berak bai baitaki ezetz. Aitatasunaren kontu eder eta samurrak literaturan kabitzen ez zaizkidan moduan, ordea, kontu gogorrenak bere gordinean blog honetan jartzea ere ez zait samurra egiten. "Alter ero" liburuko ipuin bat utziko dizuet, hortaz, aitatasunak inoiz inori sortuko zion sentipen bat, sotilki bada ere (edo ez hain sotilki, auskalo), bertan kontatzen delakoan: dena pikutara bidaltzekoa, hain zuzen. Gustura irakurriko duzuelakoan... (klikatu "segi irakurtzen" botoia, ipuina irakurtzeko).

2013/01/03

2013an irakurritako liburuak: inbentarioa

2013an irakurritako liburuen inbentarioa eramango dut hemen:
 
- Rayuela (J. Cortazar) 

Rayuela argitaratu zela 50 urte bete dira aurten, eta aitzakia horrekin liburua berrirakurtzea erabaki nuen (oraingoan, ordena ez jarraituan; zenbakizko ordenan, alegia). 20 bat urterekin saiatu nintzen irakurtzen lehendabiziko aldiz, eta orduan ezin izan nuen ehungarren orrialdera iritsi. 30 bat urterekin egin nuen bigarren saiakera, eta gozatu ederra hartu nuen. Aurten, 38 urterekin, hirugarren aldiz ekin diot liburua leitzeari, eta esan beharra dago ikaragarri gustatu zaidala. Harrigarriena, hala ere, zera izan da, paregabe gisa gogoan nituen kapituluak (pianistarena, esaterako) ez zaizkidala orain hain onak iruditu, eta aitzitik beste kapitulu batzuk izugarri gustatu zaizkidala. Denborak ez baitu liburuan zirrikiturik eragin, baina bai nigan...

Liburuak duen bertuterik onena, nire ustez, pertsonaia paregabeak (mitikoak!) eraikitzeko trebetasuna da: ez bakarrik hainbestetan aipatua izan den La Maga, inoiz irakurri dudan emakumezko pertsonaiarik xarmangarriena (Capoteren Tiffanyseko Holly Golightly-rekin batera), baita antiheroi gisa aurkezten zaigun Horacio Oliveira bera ere.

Horretaz gain, Cortazarren kontatzeko modua dago. Hau baino ederragorik ez dut sekula ezagutu. Rayuelaren lehen paragrafoa, esaterako, irakurritako nobela-hasiera onenen zerrendan lehen postuan dago, zalantzarik gabe.

Hala eta guztiz ere, oraingo irakurraldian "Rayuela"ren ahulguneren bat ere ikusi dut: Argentinako zatian behera egiten du nobelak, eta bukaera gehiegizkoa iruditu zait oraingoan, nobela guztian zehar mantentzen den sotiltasunaren aurkakoa, eta hori ez zait batere gustatu. Eskerrak! Jainkotuegia baineukan Cortazar!

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net