2011/09/27

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (I): irakurtzea utopia bihurtzen denean


Laster hartuko du loak, esan zidan emazteak semea nire eskuetan utzi zuenean. Uztaileko asteazken eguzkitsu bat zen, arratsaldeko bostak, eta liburu on bat hartuta (Montoiaren Gasteizko hondartzak) abiatu nintzen paseoan, emaztearen hitzek adoretuta: nahikoa izango duzu ume-kotxean bueltatxo bat ematearekin…

Edozein momentu ona da...
Kontxako pasealeku osoa egin nuen, gora lehendabizi, behera ondoren, parkean jolasten utzi beste ordu erdi batez, segi paseoan berriz Antiguoko kaleetan barrena, eta ia bi ordu beranduago, azkenean!, pertsianak itxi zituen semeak. Nirea zen garaipena. Lau hilabeteren ostean, ordubete eder bat neukan irakurtzeko, apar perfektuko garagardo freskoaren konpainia noblean. 

Terraza ongi aukeratzea ere, garrantzitsua zen. Errepidetik urrun behar zuen, motor baten burrunbak semea esnatzea ez banuen nahi; inguruan umerik ez izatea ere kontuan hartzekoa zen, gutxien espero duzunean marruka hasten iaioak baitira; koadrila zaratatsurik ere ez nuen nahi, barre zoliak ohikoak baitira halakoetan; karga eta deskargako lekua izatea ere ez zen komeni, kamioiek egiten duten zarata handia izaten baita…

Aukeratu nuen azkenean. Leku lasaia zirudien: ez errepiderik, ez karga eta deskargarik, ez umerik, ez koadrilarik, ez emakume ahoberorik… Eskatu nuen garagardoa (inportatua, Leffe bat). Dastatu nuen: mmmmmmm, oso hotza baina ez hotzegia, hatz eta erdiko aparrarekin, Lefferen ohiko kopa zabal eta ederrean zerbitzatua. Semeari begiratu nion begi-zeharka: lo-zomorro zegoen. Segi horrela, segi horrela!, xuxurlatu nuen nirekiko. Liburua atera nuen, azala laztandu, argazki bikain hura behatu nuen, atso zahar hura neuri begira galernatik ihesi, kontra-azala irakurri nuen, egileak idatzitako liburuen zerrenda: irakurtzen hasterako bete beharreko erritu ekidinezina zen. Kito. Prest nengoen. Lehen orria ireki nuen, lehen paragrafoari ekin nion, lehen esaldiari, lehen hitzari, eta une horretantxe, deabruak hartuta bezala, hamar bat ume atera ziren aldameneko ezkaratzetik, marruka-txilioka-garrasika-oihuka, atzetik azalik gabeko izaki begi-zakilduna balute bezala.

Hortik aurrerakoa, nori axola zaio?

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net