2011/09/04

Kontxako Bandera: tragedia greziarren pare


Tragedia greziarretan ohikoa da patuaren halako jokaldi harrigarri eta askotan ez-sinesgarri bat gertatu eta horren ondorioz iristea istorioaren esperotako amaiera tragikora.

Alberto Varela (CC-Egiletza aitortu)

Kirola atsegin dutenek pena hartuko zuten, gaur, Kontxako Banderan gertatu dena ikusita: patuaren jokaldi ustel batek (itsaso txarrak eta haize aldaketak, kasu honetan) aukerarik gabe utzi ditu bigarren txandan arraunean egin dutenak: Astillero, Hondarribia, San Juan eta Tiran. Alper-alperrik denboraldi guztiko prestaketak eta entrenamenduak.
Kirolaz gain antzerkia maite dugunok, ordea, tragedia greziarren oihartzunak sumatu ditugu gaur Kontxako badian, eta arrauna maitatzeko beste motibo bat pilatu dugu: zorteak, patuak, jainkoak (bakoitzak jarriko dio nahi duen izena) azken emaitzan izan dezakeen eragin dramatikoa. Ez dut beste kirolik ezagutzen kiroletik kanpoko alderdiek horrenbeste eragiten dutenik: ez futbola, ez eskubaloia, ez txirrindularitza, ez atletismoa, ez tenisa, ez igeriketa, ezta izotz gainean erratza pasatzen jokatzen den hura ere.

Baina guri, hain finak, jantziak eta jasoak garenoi, esan dezagun egia, ez gaitu asetzen indarren arteko borroka soilak, tragediaren epika eskatzen du gure barruak; baldintza berdinetan jokatutako bigunkeria horiek ez dira guretzat.

Hobe lukete beste zenbait kiroletan ere ahalegina egitea patuak edo zorteak indar handiagoa izan dezan: futbola aldapan dagoen zelai batean joka liteke, eta aldapa behera jokatzen duen taldea zoriz aukeratu, edo galtzen ari dena jarri aldapa behera; eskubaloian, ate handiagoa defendatu beharko luke talde indartsuenak; txirrindularitzan, bidegurutze bakoitzean ezkerrera edo eskuinera jo erabakitzera bultzatu behar genuke ziklista, eta erabaki horien mende ibilbide errazagoa edo zailagoa egin behar luke...

A! Eta tragediez nazkatzen garenean, kirolari komikotasun handiagoa emateko zer edo zer asma genezake! Pentsatuko dugu zerbait...

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net