2014/10/06

Cinema Paradiso (aitatasunaren ajeak eta biajeak XV)

Pelikula zoragarri honen gailurretako batean, tren-geltokian esaten dio Alfredok Totóri film hau ondoen laburbiltzen duen esaldia. Qualunque cosa farai, amala, come amavi la cabina del “Paradiso” cuando eri picciriddu: egiten duzuna egiten duzula, maita ezazu, txikia zinenean “Paradiso”ren kabina maitatzen zenuen moduan.
Cinema Paradiso, G. Tornatoreren pelikulako fotograma bat
25 urte bete dira aurten 'Cinema Paradiso' film ederra lehen aldiz ikusteko aukera izan genuenetik, eta pantaila handira ekarri digute berriz ere iraila hasiera honetan, urteurren honen harira. Gauza asko da, batean, pelikula italiarra: galdutako garai -ustez- beti hobeen erretratua, nostalgiaren melodia bisuala, zinemaren magiaren isla -Italiako herrixka haren hormetan Alfredo trebeak hain emeki erdietsitakoa-, haurtzaroaren eta nerabezaroaren mira, bizitza eder eta triste honi egindako kanturik xaloena, baina batez ere aita-semeen arteko adiskidetasun istorio zirraragarria da (espermatozoide single batek ematen duena baino haragoko aitatasun batena, hori bai), eta baita istorioak asmatzearen lilurari buruzkoa ere.

Ennio Morriconeren musika dotorearekin, leun egiten du aurrera pelikulak, eszena gogoangarriak txirikordatuz bat bestearen atzetik, zinemarekiko maitasuna erakutsiz plano soil bakoitzaren atzean, Totó txikiaren haurtzarotik heldutasunerainoko bidaia emozional hunkigarrian.

Paradisu txiki bat baitzen proiekzioko kabina Totórentzat, magia guztien sorlekua, istorio guztien abiapuntua, eta handik begiztatzen zituen ikusle liluratuengan zinemak sortzen zituen emozioak: algara, negarra, harridura, nazka, angustia, beldurra, hunkipena, samurtasuna, mina, asaldura.

Ez dut larregi maite inolako emoziorik sortzen ez duen zinema. “Cinema Paradiso” bezain hunkigarri, edo Pasoliniren pelikulak bezain asaldagarri, xume nahiz handi, larruazalean zirt -edo zart- eraginarazten didatenak ditut gustuko. Eta erantzunak eman beharrean -horretarako nahikoa eta sobera dugu Elizarekin- galderak egitera bultzatzen gaituztenak, hormarik ziurrenak dardarka jartzen dituztenak. Erantzunak, norberak baitauzka bereak.

Donostiako Zinemaldiaren aitzakian, badugu aukera altxor ederren bila aritzeko egunotan, baina baita zinemalditik kanpo ere, urte osoan zehar. Istorioak ikus edo entzutearen lilura ez zaizu sekula santan desagertuko, umetatik hasi eta nerabezarora arte zure atlas sentimentala osatzen lagundu dizun Alfredorik izan baduzu inoiz alboan, zinemara berarekin eramango zaituen norbait, Julio Verneren nobela potoloak -edo “Peter Pan”, edo “Altxor uhartea”, edo “Gizon ikusezina”- hitzez hitz irakurriko dizkizun bidelagun bat, enegarren ipuina entzun ondoren azkenean loak hartu zaituenean argia itzaliko duen jainko txiki hori.

Munduko ofiziorik ederrena baita istorioak kontatzearena. Aita izatearenarekin batera, segur aski. Eta hobeto edo okerrago egingo duzu, ofiziorik ederrenak zailenak ere bai baitira, baina garrantzitsuena ez da hori, adiskidea, inportanteena, egiten duzuna egiten duzula...
                                                                                         Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/09/25)

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net