2014/08/02

Putak eta putasemeak

Pertsona talde mespretxatuak, azpiratuak, desberdinak izateagatik soilik kondenatuak direnak erabiltzen ditugu iseka egiteko, irainetarako. Subnormala, marikoia, puta edo putaseme gisakoak gizartearen desberdinarekiko beldurraren ispilu hutsak dira. Norberaren burua desitxuratuta bueltatzen duten ispiluak. Normala ez dena, normatik kanpokoak darabiltzagu, norberaren etikatik at –taldeko diziplinatik kanpo– daudenak zentsuratzeko. Lau txupito segidan edaten ez duena, marikoia; sei gizon desberdinekin oheratu dena, puta; nahi genuen eran jardun ez dena, subnormala. Hitz horien faltan, motz geratzen gara aldamenekoari burla egiteko. Literatura egitean ere gertatzen den kontua da: sinesgarritasuna lortzekotan, eta irainen bat behar izanez gero, aipatutako horietara kondenatuta zaude.

Eta, ados, arinegi erabiltzen ditugu terminook askotan, eta testuinguru literariotik kanpo soberan daude, baina nago ez ote garen kontu hauekin arazoaren azalean geratzen, galtzen. Irudipena daukat ez ote garen gehiegi tematzen, ez ote diogun garrantzia handiegia ematen hitz hauen erabilera gaitzesteari edo debekatu beharrari, hitz hauen erabilera –ados, desegokiak– desagerraraziz kolektibo azpiratuen problemak bukatuko balira legez. 

Marikoiek nahi dutena diren bezala errespetatzea da, maitatzen duten moduan lasai maitatzen uztea, txortan dagiten moduagatik ez gutxiestea, ez kondenatzea. 

Sexu-langileei berdin zaie puta deitzen badiezu, baldin eta euren lanbidea lan bat soilik dela aitortzen baduzu. Prostitutek nahi dutena gainontzeko langileek dituzten eskubideak izatea da: bajarako eskubidea, erretiro duin baterako aukera, kontu normalak. 

Hibai Arbidek PlayGround webgunerako lau sexu-langileri egindako elkarrizketa ezin interesgarriagoan, halaxe dio haietako batek: “nahiago dut, eta halaxe deitzen diot nire buruari: puta. Terminoa geureganatzeko bide gisa ikusten dut, hitzari buelta eman eta lehendik dituen zentzu negatiboak desagerrarazteko modua”. Eta pixka bat aurrerago: “Zerbait beldurgarria egiten ari nintzela sinetsarazi nahi izan zidaten, zergatik eta sexu-harreman ametituak diru-truk izaten ari nintzelako soilik”. 

Homosexualitateari nola, prostituzioari ere duen estigmatik erdia kenduko bagenio, puta edo putaseme deitzen digutenean ez ginateke hainbeste larrituko, akaso. “Eta puta banintz, zer?” gisako irribarre bat eskaintzen asmatuko bagenu, iraina botatzen duenak bere arima desitxuratuaren argazki ezin argiagoa jasoko luke, ispilu bihurtutako gure aurpegian.
                        Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014-VIII-1)

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net