Geure memoriarekin ez garelako fio egiten omen ditugu argazkiak.
Lehengo ostegunean, “plan berezi bat egitera” eraman nuen lau urteko semea: Donostiako nire txoko gogokoenak bisitatuko genituen, eta argazkiak egin beharko zizkidan berak.
Trinitateko frontoian pala-partida jokatu genuen segidan, eta izkina horretan dagoen etxeari erreparatu genion: 1813ko sutean erre ez zen bakarra zela azaldu nion. Klik. Etxeez gain, jendea ere erre ote zen galdetu zidan. Baietz nik. Eta umeak? Baita ere. Ea hil egin ote ziren, berak. Batzuk igoal baietz, nik. Baina gu ez gara hilko, berak. Denok hiltzen gara, nik, baina hiltzen garenean ere besteen memorian bizirik mantentzen gara, azaldu nion, eta Euskal Pastela eta amona Iñaxi ekarri nizkion gogora.
Eta Mikel Laboa jaio zen etxe azpira gerturatu ginen. Iluntzen hasia zegoen, eta flasha baliatu behar izan zuen. Klik. Kantari hasi nintzaion: Hegoak ebaki banizkio... Barre egin zuen. Baga, biga, higa... Barre egin zuen berriz. Hemen jaio zen kanta horiek egin zituena. Aho-zabalik begiratu zidan. Mikel Laboa, esan nion. Abestu kanta gehiago, eskatu zidan, eta maite ditut maite gure bazterrak lanbroak... xuxurlatu nion belarrira. Ez zuen zirkinik egin harik eta kantua bukatu nuen arte. Txikia zela loak har zezan kantatzen nizkiola gogorarazi nion.
Donostiako pintxorik goxoena jatera gonbidatu nuen, antxoa “jardinera” eran, Txepetxa tabernan. Klik. “Mundiala dago, probatu beharra daukazu!”, kontatuko zion gauean amari.
Ondo ilunduta zegoen, autobusean igo ginenerako. “Amona hiltzen denean, txokolatea jango dugu eta berarekin gogoratuko gara”, bota zidan, leihotik begiratzeari utzi gabe. Ilargirik ez zen zeruan. “Hurrengoan, zure ama lehen aldiz musukatu nuen lekua erakutsiko dizut”, esan nion.
Urola-kostako Hitzan argitaratua (2014/10/30)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol