2015/03/02

Hegoak (aitatasunaren ajeak eta biajeak XVII)


Batzuek ez dute argazkirik behar barruan dutena ikusteko. Haurdun geratu zen Olatz, eta ekografia egitera joaterako bazekien neska batez erdituko zela. Zorionak! Mutila izango da!, esan zion, ordea, ginekologoak.

2015/02/25

2015ean irakurritako liburuak

El loro de Flaubert (Barnes)

Erdia edo irakurri dut, oso gustura, ona dela iruditzen zait, baina kitto.

Zorion handiegia (A. Munro)

Principito

Los Mandarines (Simone De Beauvoir)

Hasierako eta bukaerako tramoak, bikainak. Tartekoan, erdia-edo sobran. Luzeegia.

Poemak (J. Mirande)
Oso ona.

Nadja (A. Breton)
Ezinbestekoa.

Mala índole (J. Marias)
Maríasi ezagutzen ez nion erregistro batean, umorearenean, eroso dabil idazlea, eta Coen anaien tonora gerturatuz istorio oso ona osatzen du, Elvis Presley-ren Acapulcoko itzultzaile espainiarra protagonistatzat hartuta.

Desgracia (J.M. Coetzee)
Lehen zati gogoangarriarekin, liburuaren erdiko gertakizunek norabidez aldatzen dute erabat liburua, nire ustez melodramarako joerara eta moralinaren kiratsera gehiegitxo -arriskugarriki- hurbilduz, baina Coetzee-ren prosa lehorrak ondo agoantatzen du enbidoa, eta nobela bikain borobiltzen du. Guztiz gomendagarria.   

Romain zen bere izena (J. Agirre)
Oso ona iruditu zait Agirreren nobela. Sinesgarritasunari erabat uko eginez ere, nobela on askoak idatzi daitezkeela frogatu dit. Lehen 90 orriak benetan bikainak iruditu zaizkit, Vila-Matas eta Chandlerren bidegurutze arraro batean idatziak. Nobela bukatutakoan, 40 bat orri sobran dituela esango nuke, baina nobelaren baitan biltzen diren hainbat eta hainbat altxor txikirengatik soilik merezi du Agirreren nobelak. 

Memory Dump (M. Lasa)
Euskal poesian aztarna handia utzi zuen liburu bakarreko poeta dugu Mikel Lasa. Bere "Poema-bilduma" hura argitaratu eta hainbat urtera, 1993. urtean hain zuzen, bere poema haiek guztiak berrargitaratu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak, Lasaren beste hainbat testu-gogoetarekin batera. Horixe da esku artean izan dudan liburua. Hainbat poema denborak erasanda daudela esango nukeen arren, baditu batzuk benetan gogoangarriak iruditu zaizkidanak; berdin, bukaeran datozen testu-gogoeten artean ere.

Blitz (David Trueba)
Ez nau asebete Truebaren nobelatxoak. Topiko eta txiste txar dezenterekin, errazkeriarako joera hartu diot, nahiz eta baduen une gogoangarririk ere.

Nadie encendía las lamparas (F. Hernández): Ipuin-liburu bikaina. Guztiz gomendagarria. Ahaztezinak dira "El balcón" edota "Menos Julia" gisako ipuin gogoangarriak.


Intemperie (J. Carrasco): Oso ona iruditu zait liburua. Batez ere xaharra eta haurraren arteko hitz gutxiko harremana nola eraiki duen gustatu zait. Pena Cormac McCarthyren "The road" hura horrenbeste gogora ekartzea.  

Niveles de vida (J. Barnes):
Hiru zatitan banatutako liburu ona da Barnesena. Lehenengo biak bikainak iruditu zaizkit. Globo aerostatikoen aitzakian, maitasunaz eta bizitzaz -heriotzaz- maisutasunez baitihardu Barnesek. Azken zatiak apenas dauka -itxuraz- zerikusirik aurreko biekin: Barnesek bere emaztearen heriotzak eragindako mina kontatzen du bertan, lehen pertsonan kontatu ere. Zati hau, pertsonalagoa izanagatik, eskasagoa iruditu zait. Literaturatik gutxi eta saiakeratik herren, aurreko bi zatien ondoan jartzeak ez dio mesede egiten liburuari. Irakurtzekoa, hala ere.

2015/02/02

Zarauzko eskubaloiaren nire alfabetoa

Argazkia: sasoian.info
Zarauzko eskubaloiak 50 urte egiten zituela eta, ea hitzalditxo bat prestatuko nuen esan zidatenean, 1etik 50era doazen zenbaki bakoitzarekin gertaera edo anekdota edo Zarauzko eskubaloiaren ezaugarriren bat kontatzea bururatu zitzaidan lehendabizi, urteurrenaren omenaldi moduan. Desesperatuko zaizkik, esan nion nire buruari (eta pintxoak hoztuko).

Alfabetoarena okurritu zitzaidan gero. Euskal alfabetoak 27 letra ditu, baina ñ-a kentzen badugu (ñoñoegia delako) eta y grekoarekin hasitako hitzak euskaraz 20 soilik direla kontuan harturik (tartean, yanki, yarda, yemen, yate, yoga, yucatan eta yuppie), pentsatu nuen, bi buelta eginez gero gelditzen ziren 25 letra horiekin (joan eta etorria, a-tik z-ra, eta z-tik a-ra, y grekotik ostutako yo-yoa erabiliz), orduan ere 50 izango zirela, eta modu honetan ere gorazarre egin niezaiokeela urteurren hain seinalatuari. Ez nion jendeari gehiegi sufriarazi nahi, ordea!

Joan-etorria egin ordez, joatearekin bakarrik konformatuko gara. Bueltarako txartelik gabeko bidaia izango da gurea. Izan ere, bidaia zirraragarrienak halakoak dira, joanekoak soilik. Heriotza bezala, ezta? Ez baita berdina Siberiara joatea, bueltako txartelarekin edo gabe. Kubara bueltako txartelarekin edo gabe joatea berdina ez den modu berean.

2015/01/24

Gauaren eztarritik

Lo geratzen ari nintzela amesten ari nintzen. Hau da, lo nengoen, eta nire ametsean lo geratzen ari nintzen. Kotxean nindoan (amets horretan), kotxea gidatzen ari nintzen, eta ezin nion kopetari eutsi, ezin betazalak aparte mantendu, ezin gauaren iluntasunean nire ibilbidearen cicerone bakarra zen eskuineko marra zuriari begiekin segi. Bat-batean, desagertu egiten zen errepide ertzeko marra. Batere erreferentziarik ez (zulo beltzenean bezala), han bukatzen zitzaidan aurrerabidea. Kotxea geratu beste erremediorik gabe nengoen, baina hori egiteko ere beldurrez, errepidearen erdian utzita atzekoek kolpatuko nindutelako aztoramenduan. Nekeak gain hartzen zion beldurrari, ordea, eta balea baten ahoa zirudien beltzune ikaragarri hartan loak hartzen ninduen azkenerako, azeleragailutik oina altxatzen xahutzen nituelarik nire indar apurrak. Galdua ote nintzen?

Une etsigarri horretan esnatu nintzen izerditan blai, eta nire begi bikien aurrean zentimetro eskasetara begiztatu ahal izan nuen, mesanotxeko argi ziztrina lagun, Melvilleren nobelatzarra (protagonista zuria bezain lodi), maindire gainean otzan zetzana.

2015/01/16

2015eko pelikulak: inbentarioa

2015ean zinematan ikusitako pelikulen inbentarioa egingo dut hemen (eta zinemetatik kanpo ikusitako aipagarrienak ere gehituko ditut), eta saiatuko naiz pelikula bakoitzaren kritikatxo bat -edo iruzkintxo bat, bederen- egiten.

- (2015/12/27) Un dia perfecto (Aranoa)
Laia Acosta, Victoria pelikulan

- (2015/10/27) Victoria (Sebastian Schipper). Ikaragarria! Schipperren pelikulak baditu gidoian arrakala batzuk, baina urteko film onenen artean sartzeko merituak ere bai. Birdman-en ez bezala, plano-sekuentzia luzearen erabilera naturala da hemen, eta oharkabean pasako zaio ikusleari. Bikain aktore protagonista bikotea ere!

- (2015/10/25) Oh boy (Jan Ole Gerster, 2012). Bikaina!
 
- (2015/10/24) Hiroshima, mon amour (Alain Resnais, 1959). M. Duras-en gidoi bikaina ardatz hartuta ondutako film ederra eta garratza.


- (2015/10/20) The tribe (Miroslav Slaboshpitsky). Ona bezain gogorra. Plano bakoitza gehiegi luzatuta dagoen arren, eta gidoian zenbait detaile hobetzeko modukoak direla iruditu arren, ona da The tribe. Batere musikarik gabe, eta gormutuen hizkuntzan egindako elkarrizketa propio ez azpititulatuekin, luzeegia egiten da une askotan pelikula, nahiz eta baditun eszena gogoan hartzekoak. Atentzioa eman dit sexu-eszenetan zakil bat edo alu bat ez erakusteko hartutako lanak, eta aldiz biolentziarik krudelena batere arazorik gabe erakusteko erraztasunak. Gogorregia eta luzeegia, onegia izateko.

- (2015/10/15). El apóstata. Ona iruditu zait pelikula hau, oso xumea den arren, ezaugarri guztietan. Pertsonaia nagusia erraz ez ahazteko modukoa eraiki dutela uste dut.

- (2015/10/08). Irrational man (W. Allen). Ez dago Allenen onenen artean, baina gustura ikusten da. Hilketaren ideia sartzen zaion arte, oso ondo zihoala esango nuke. Hortik aurrera, dezente galtzen du, sinisgarritasunean asko besteak beste.

- (2015/09/zinemaldia). Birth. Mother (N. Kawase). Kawaseren lan autobiografikoa da 40 minutuko pieza eder hau. Ikustekoa.


A snake of june
- (2015/09/zinemaldia) A snake of june (Tsukamoto). Pelikula berezia bezain interesgarria. Aspaldi ikusi dudan eszenarik onenetakoa dauka. Tsukamoto: jarraitu beharreko zuzendaria.


- (2015/09/zinemaldia) Heart of a dog (Laurie Anderson). Bere inperfekzioan bikaina. Une benetan ahaztezinak ditu.



Iraia Elias, Amama pelikulan

  - (2015/09/zinemaldia)  Amama (A.Altuna). Oso ona, nahiz eta gidoian pare bat kontu hobetzeko modukoak iruditu zaizkidan: aita eta alaba haserretzen direneko unea (azkarregi, esajeratuegi gertatzen da), eta azken erakusketan amama bertan izatea, ez zait sinisgarria egin, are friboloa litzatekeela uste dut. Bestela, bikain aktoreak, bikain argazkia, bikain musika... Zuhaitzaren eszena, gogoangarria.


- (2015/09/03) Mala sangre (Caraux). Bisualki erakargarria, detaile gogoangarriekin, baina osotasunean lortu gabea.

- (2015/06/11) Una paloma se posó en una rama a reflexionar sobre la existencia (R. Andersson).

Izenburutik hasita berezia den pelikula hau ikustekoa da, zalantzarik gabe, bai pelikularen estetika bereziagatik, eta baita kontatzen duenagatik ere. Esketx moduko plano bakarreko sekuentzietan banatua, non kamera geldi eta urrun mantentzen baita beti, europa iparraldeko herrialderen batekoak izan daitezkeen pertsonaia triste, gris eta lauak erakusten dizkigu, nahiko egoera ohikoetan, batzuetan, baina surrealismo alai edota makabroan besteetan. Samuel Becket eta Kaurismaki behin eta berriz gogora ekartzen dizkigun pelikula honek, tempo lasaiarekin egiten du aurrera, eta agian 20 bat minutu kenduta indarra irabaz lezakeela uste dugun arren, bikaintasunetik gertu dabil hainbat eszenatan. Ez galtzekoa!

- (2015/04/25) Murieron por encima de sus posibilidades (I. Lacuesta).

Eszena bat baino gehiago dira gogoangarriak pelikula honetan, eta bikaina da lehen erdia edo, umore garratzeko zipriztin paregabe dezenterekin. Hortik aurrera, ordea, nabarmen behera egiten du. Lacuestaren eskuak, hala ere, nekez utziko du inor epel. Ikustekoa!



- (2015/04/14) Aguas tranquilas (N. Kawase). Baditu eszena onak, baina baita melodrama ukitu handiegia ere nire gusturako. Ez ninduen gehiegi asebete.

- (2015/04/02) El año más violento. Ona!

- (2015/03/09) Ex machina
Gidoiak arrakalaren bat baduen arren, oso ona Ex Machina pelikula, "2001, a space odyssey", "Blade runner" eta "The shinning"en bidegurutzean.
 
-(2015/02/11) The Imitation Game (Descifrando Enigma)
Alan Turing-en bizitza sinestezinean oinarritutako film interesgarria da honako hau. Interesgarria, Turing-en bizitza halakoa izan zen neurrian. Izan ere, aktoreen lana albo batera utzita, eta teknikoki eta estetikoki zuzena den arren, pelikulak ez du ezer berririk aportatzen arlo artistikoan. Historikoki (eta homosexualitatearen gaia lantzen duelako, sozialki ere) interesgarria den pelikula txukuna da, hala ere, honakoa.
 
- (2015/02/4) Birdman (Iñarritu): Ona da Iñarrituren azken pelikula, baina ez da bere aurrekoen mailara iristen, nahiz eta teknikoki eta estetikoki benetan aipagarria izan. Guillermo Arriagaren gidoiekin ondutako "minaren trilogia" bikaina eta gero ("Amores perros", "21 gramos" eta "Babel"), elkarlanari uko egin zioten biek ala biek, eta bakoitzak bere aldetik egindako pelikuletan, kurioski, bestearen falta nabarmendu da. Arriagak bere kontutik egindako "Lejos de la tierra quemada" eskasean, kameraren atzean Iñarritu ez egotea larrutik ordaindu zuen Arriagak, bere gidoi txukuna aurrera atera nahi baina ezinean. Oraingoan, Iñarrituri, ez horrenbeste, baina antzekoa gertatu zaio gidoiarekin: traszendentea izan nahi, baina ezin. Hobe lukete, denon hobebeharrez, berriz elkartuko balira. Halere, Birdman-ek merezi du! Plano-sekuentzia ia bakar batean errodatua
eta bateria bidezko soinu-banda bereziak erritmo paregabea ematen dio elipsi majikoak dituen film honi. Ez ezazue galdu!

- (2015/01/26) Leviathan (Andrei Zvyagintsev):Bikaina! Errusiar gizartearen zutabeak dantzan (eta zalantzan!) jartzen dituen pelikula bikaina.
Gidoiaren jauzi bikainekin, eta bigarren mailako pertsonaia txiki txundigarriekin, pauso geldoan baina sendo egiten du aurrera filmak, thriller giroaren usainean ia pelikula osoan, baina pertsonaien arteko harremanak ere oso aintzat hartuta. "Nebraska" bikainak "amerika sakona"ren argazkia nola,  "errusia sakona"ren erretratu bikaina osatzen du pelikula honek, nahiz eta guztiz bestelako errejistroa erabili. Guztiz gomendagarria.




- (2015/01/15) Nao Yik (D. Aguilar):
Oso dokumental ona.1930-1950 urteen bueltan Txinan bizitako esperientzia latzen kontakizuna, bertan bizitako Frances Wilkinson ingelesaren gutun hunkigarrien eskutik, eta gaur egungo Txinaren irudiekin kontrapuntuan jarrita.


2015/01/08

2014. urteko pelikula onenak

Kontuan harturik hauek direla nik ikusi ditudan aurtengo pelikulak (2014ko pelikulen inbentarioa), nire iritziz honakoak dira urteko onenak:

1) Nebraska
 2) Magical girl



3) Her


 
4) 10.000 km


 

5) Loreak

6) Ida









2014/12/14

#Eusgara

Euskararen Eguna dela eta, hainbat apunte edota galdera:
  1. Euskararen ezagutza handitu omen da azken urteetan baina ez erabilera. Euskara Batuaren ekarpena inork gutxik jartzen du zalantzan (nik ez behintzat), baina ez ote da garaia euskalkien erabilera sustatzeko, betiere testuingurua eta erregistroaren arabera, eta batez ere ahozkoan? Koldo Zuazok kontatzen du anekdota: bost urteko Elgetako ilobari galdera egin, zein dira asteko egunak?¸eta erantzuna: astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, zapatua eta domeka. Eskerrak eskolarik ez den asteburuetan!
  2. Zaldieroren Mitxelena XVIak eta Yodak bezala, ez ote gara gehiegizko zuzentasunarekin larregi tematzen? Twitterren izan nuen eztabaida, duela hilabete batzuk, itsas-denborale ikaragarri hura izan zenean, eta olatu erraldoi haien erakusgarri hainbat bideo eta argazki argitaratu zirenean sarean, Zarautz aldeko asko “Itsasaldia” izenburupean. Ez omen du “itsasaldi” hitzak adiera hori ezein hiztegitan, ez omen da sekula santan horrela erabili, ea zertan ari ziren “denboralea” edo “itsas-denboralea” erabili beharrean hitz hura erabiltzen, beti omen gabiltzala erdal jatorria duten hitz aski jatorrak aurreiritzien erruz baztertzen… Agian, arrazoi zuten, baina nago ez ote ditugun goizegi eta errazegi kimatzen horrelako saiakerak. Beharbada, “denboralea” orokorregia egin zitzaien, apika luzeegia “itsas-denboralea”. Larriena, nire ustez, jendeari hizkuntzarekin jolasteko gogoa kentzea da. Pentsa, “itsasaldi” hartatik “itsazaldi” kuriosoa sortu izan bagenu, milaka zaldien indarrez datorren itsas-denborale ikaragarria adierazteko…
  3. Sautrela eta Tribuaren Berbak kalitatezko telebista baten erakusle dira. Pena daukat halako gehiago egon ez izanaz, zineaz edo musikaz dihardutenak esaterako, lasai eta oparo. Baina, eta, zenbat pelikula porno daude euskaraz? Ez dakizue? Ba nik bai: oker ez banago bakar bat. Jatorriz gaztelaniaz egina da, eta 2011ean bikoiztu zuten euskarara. Kalitate zalantzagarria baina audientzia ikaragarria duten saio horiek zergatik ez egin euskaraz, eta gaztelaniaz azpititulatu? Adibidez, “El conquistador del fin del mundo”?. Zergatik ez egin ETB2a gaztelaniara azpititulatutako euskarazko produktu hutsekin?
  4. Abian da .eus domeinua. Izan bedi sareko euskal komunitatearen bilgune. Webgune bat duzu? Pasa zaitez .eus domeinura!
  5. Bukatzeko, proposamen bat twitterren dabiltzan txiolari euskaldunentzat. Zer iruditzen ingelesezko WTF! (what the fuck?) akronimoa euskarazko 11I! (hamaika ikusteko!) jatorrarengatik aldatzen badugu?
  6. Irudimena (eta umorea!) behar dugu, euskaldunak mantendu eta erdaldunak pixkana-pixkana gure hizkuntzara erakartzeko, eta datorren urteko abenduaren 3a ez dadin bihur “el día del euskera”.

    Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/12/04ean)

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net