Lo geratzen ari nintzela amesten ari nintzen. Hau da, lo nengoen, eta nire ametsean lo geratzen ari nintzen. Kotxean nindoan (amets horretan), kotxea gidatzen ari nintzen, eta ezin nion kopetari eutsi, ezin betazalak aparte mantendu, ezin gauaren iluntasunean nire ibilbidearen cicerone bakarra zen eskuineko marra zuriari begiekin segi. Bat-batean, desagertu egiten zen errepide ertzeko marra. Batere erreferentziarik ez (zulo beltzenean bezala), han bukatzen zitzaidan aurrerabidea. Kotxea geratu beste erremediorik gabe nengoen, baina hori egiteko ere beldurrez, errepidearen erdian utzita atzekoek kolpatuko nindutelako aztoramenduan. Nekeak gain hartzen zion beldurrari, ordea, eta balea baten ahoa zirudien beltzune ikaragarri hartan loak hartzen ninduen azkenerako, azeleragailutik oina altxatzen xahutzen nituelarik nire indar apurrak. Galdua ote nintzen?
Une etsigarri horretan esnatu nintzen izerditan blai, eta nire begi bikien aurrean zentimetro eskasetara begiztatu ahal izan nuen, mesanotxeko argi ziztrina lagun, Melvilleren nobelatzarra (protagonista zuria bezain lodi), maindire gainean otzan zetzana.
Gauerdia pasatxo zen, eta nahiz eta loak hartu ninduela hamar minutu ere izango ez ziren, guztiz deskantsatuta sentitu nintzen, hamar ordu egin izan banitu legez. Irakurtzeari ekin nion berriz ere, ez aurretik denbora dezente eman gabe liburu hartan ordura arte leitutako azken orriaren bila.
Nantucket-eko kaperatxoa aurkitu berri zuen Ismaelek, eta bertako hormetan grabatutakoak irakurtzen ziharduen: baleekin borrokan hildakoen arpoilarien izen-abizenak ziren, itsasoak edo leviatan erraldoiren batek irentsitako gizon hilobiratu gabeenak.
Ez zen denbora larregi igaro harik eta balearen kontrako bataila loak irabazi zuen arte, eta nire burua berriz errepide gautuan ikusi nuen, eskuineko marra desagertzen hasiari segika beste behin, betazalei eutsi ezinik, larri. Sosegurik gabeko gurutze-bidea zen bidegurutzerik gabeko tunel ilun zuzenegi eta amaiezin hura. Tortura hutsa, lo egin nahi, eta esna mantendu behar hura.
Loak hartzea ezin saihesteak esnatu ninduen atzera, izerdi patsetan berriro, baina lasaiturik azken batean, halako trago txarretik libratu izanagatik. Nire burua indartsu kausitu nuen bigarren aldi hartan esnatu nintzenean ere, horrenbeste ezen, goizaldeko ordu bata izanagatik, indarra bildu bainuen Ismaelen abenturak berreskuratzeko, irakurritako azken orriaren usainean jardun eta gero.
Orduz geroztik ez dut liburua ezertarako apartatu, ez bada gauaren beltzean (kasik bakarrik) aurrera doan kotxea gidatzeko. Eta Melvilleren hitzek gogoa bere osoan hartzen ez didaten tarte bakan horietan, edota kotxean gidari noala logurak nire pentsamenduak oztopatzen ez dituen une iheskor labainetan, zera galdetzen diot nire buruari (betazalei -edo liburuari- eutsi ezin jasangaitz horretan), zer izango den lehenago, Moby Dicken azkena ala nirea.
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2015/01/22)
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
-
Behin irakurri nion Jim Jarmusch-i elkarrizketa batean garai batean 500 pelikula ikusten zituela urteko. 500 pelikula! Jota geratu nintzen, ...
-
(Ordena zehatzik gabe) In the mood for love (Wong Kar-wai) la ciénaga (L. Martel) Historias mínimas (J.C. Sorín) Lost in translation (...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol