2014/06/20

O templo do futebol


Berria-tik proposamen "lizun" batekin etorri zitzaizkidan: futboleko mundialak irauten duen bitartean, artikulu bat egunero, eta trukean Riora joateko hegazkin-txartela eta ostatua. Ez nuen gehiago behar.

Hemen topatuko duzue nire bidaia-koadernoa: O templo do futebol

Paulisson Miuraren argazkia

2014/05/28

Ametsen jokalekua


Ahaztu egin zaigu amets egitea. Esna gaudela, esan nahi dut. Berezkoa dugulako lotan gaudela amets egitea. Baina esna gaudela... Esna amets egite soila galarazi egin digute, eta guk ez dugu horri buelta ematen jakin. Zer esanik ez ametsak lortzen ahalegintzeaz... Gure ametsen atzetik joateko ausardia galdu dugu. Gure ametsen atzetik joateko ausardia kendu digute, eta kentzen utzi diegu gainera. Bi eskuekin ametsa lepotik ondo heldu beharrean, eskapatzen uztera ohitu gara. Borrokarik apenas egin gabe. Egunari eustea bihurtu dute askorentzat amets bakar, soldata bat lortzea helburu bakan, eta beldurra erein dute inguruetako baratzetan: ez joan aldirietara, ez fidatu inorekin, ez egin marrurik, ez hitz egin ezezagunekin, ez margotu marratik kanpora.

Horregatik, barruak mugitzen dizkigu ezinezkoak ziruditen ametsak betetzen irudikatzeak. Egingarri bihurtzen diren utopiak dira ederrenak, utopiak ez diren utopiak.

2014/05/20

aitatasunaren ajeak eta biajeak (XIV): mundiala!

Duela lau urte, zehatz, lagun mina etorri zitzaidan zeharo kezkatuta, garagardo bat hartzera joateko erreguarekin, hirekin hitz egin beharra zeukaat. Ez naiz lagunen arazoei izkin egiten dieten bihozgabe horietakoa, eta are gutxiago problemaren soluzioa tabernan eztabaidatzekoa denean. Ezin izan nion beraz muzin egin halako betebehar gogorrari. Zortzietan Mogambon, adostu genuen.

Urduri zegoen, taberna kanpoko mahai altuan garagardoa bukatzear utzita ni iristerako, zigarroari zupada ematen ez bazen, beste eskuko hatzei azazkalak jaten. Susmo txarra hartu nion kontuari gizona hain larri ikusita. Ihesean zebilen bere lagunen bat gorde ote zuen? Lana galtzeko arriskuan ote zegoen? Emazteak ere, berak bezala, maitalea zuela jakin ote zuen? Baita zera ere!

- Espainiako Selekzioko kamiseta eskatu zidak semeak -esan zidan zigarroari beste behin gogor asko tira egin eta gero.
- Xabierrek? -hemezortzi urteko semea zen Xabier.
- Unaik! -sei urtekoa Unai.

Barrez hasi nintzen karkaila betean.

2014/04/09

Artisten borroka pribatuak

Artisten egoak hegoak baino zabalagoak izaten direla esan ohi da, eta horregatik, akaso, lan bat gaizki ateratzen zaienean, ezkutatu, deuseztatu nahi izaten dute. Stanley Kubrick handiak, kasu, ez omen zuen bakerik izan "Fear and desire" bere lehen lanaren kopia guztiak desagerraraztea lortu arte. Ez omen zuen lan haren egile zela aitortu ere egin nahi. Idazle askok ere uko egiten diote beren lanen zirriborroak erakusteari: ezin hitz bat irakurri, lan osoa bukatutzat eman arte.

Mito moduko hori hausten duen proposamena aurkeztu dute Donostian berriki, antzezlan baten sortze-prozesuan parte hartzeko aukera emanez; hain zuzen, David Harrowerrek idatzitako "Blackbird" lanaren prestaketan. Hamabost bat lagun jardun gara antzezlanaren entseguak segitzen, lanaren zuzendari den Ttanttaka konpainiako Fernando Bernuesekin eta Isidoro Fernandez eta Fariba Sheikhan aktoreekin batera. Prestaketa lanen garapena bertatik bertara ezagutu eta antzezlan bat taularatzearen konplexutasuna ikusi eta ulertu ahal izan dugu honela.

2014/03/06

Biribilguneak

Idazteko (eta amodioa egiteko) bi modu daude.

Egin behar duzuna aurrez ondo pentsatzean datza lehendabizikoa: nondik hasi, nora jo, zein hitz ukitu, eta zein ferekatu ukitzera iritsi gabe, edo zeini putz egin laztantzera iritsi gabe, zeini hortzak sartu, nondik bueltatu, nora igo, nora jaitsi, zein hitz goxatu eta zein mespretxatu, eta ondo mamitu nola heldu bukaerara, bertsolarien gisan sari potoloena amaiera borobil bat egitean datzala dakienaren zuhurtziarekin.


"Emak Bakia baita" O.Alegriaren pelikulako fotograma bat
Edo bigarren bidea hautatu, eta abiatu. Abiatu, zer egin ondo ez dakizula ere, eta ikusi hitz bakoitzak, hots bakoitzak, zein eragin duen; probatu, orain hemendik, orain handik, zentzu handirik gabe, ez bada barrenak agintzen dizuna; segi ezkerretara edo hartu eskuinetara hurrengo biribilgunean, poliki orain, arriskutsua da hitz hori, jarraitu senari. Aurrera segi noraezean ariko bazina bezala, maparik gabe, iparroratza etxean utzita. Jakinik handia dela tronpatzeko aukera, jakinik atzera egin beharko duzula sarritan, behin eta berriz desegin egin beharko duzula hasitako bidea. Iritsiko zara bukaerara, ohartu gabe iritsiko zara bukaerara, agian (irakurlea) bera ere ez da ohartuko bukaerara iritsi zarela, ez bada testuko hitz guztiak (eskuko hatz bustiak) hortxe bertan amaitzen direlako. Bukatu da? Bai, bukatu da. Bukaerara iritsi gabe bukatu da. Baina zein ederra izan den bidea egitea, konpai!

2014/02/17

Ez zaizkit komikiak gustatzen. Larria al da, mediku jauna?

Persepolis komikiaren iruditako bat
Medikutara joan nintzen lehengoan, ez da broma. Komikiak ez zitzaizkidala gustatzen eta larrituta nengoen. Literatura baietz, kontatu nion, literatura zinez atsegin dudala, eta zinea ere bai (zinea ere zinez), eta zer dira ba komikiak?, hitzak eta irudia, zinea bezala, eta horiek hainbeste maite baditut, nola den posible komikiak ez gustatzea. Ez zaidala halakorik buruan kabitzen, ez dudala ulertzen, horixe azaldu nion, larria al da, mediku jauna? Sentsibilitate falta izan nezakeela pentsatuta negoen, irudiekiko halako indiferentzia sendaezin bat. Neutraltasunaren hiriburua iruditzen zitzaidan komikia, literaturaren eta zinearen arteko hirugarren mundu gerrako hiri neutral bakarra, kukozko erlojuz betetako lurralde antzua. Irakurrita neuzkan komikietan klasikotzat jotako hainbat, Watchmen, Maus, Persepolis eta abarrak, baina alferrik, ez hunkitu, ez negar, ez kezka, ez barrezka. Bai, ederrak dira marrazkiak, gidoiak ere onak askotan, baina alferrik, ezin igaro emozioaren filtroa. Gaitzak erabat harrapatuta nindukan.

Ukendu bortitzen bat, jarabe likitsuren bat, pilula potoloren bat eskatu nion medikuari, erregutu.

- Gaizki erabiltzen ari zara komikiaren errezeta -erantzun zidan berak, kontu bera enegarren aldiz azaltzen ari denaren aurpegiarekin. - Komikiak parrandaren biharamonean irakurtzekoak dira, ajearen antidoto perfektuak, igande arrats literalki okagarriak gainditzeko modurik onena. Horrela, eta soilik horrela, estimatuko dituzu behar den neurrian. Hori eta curryz ondo bustitako kus-kusa. Eta akabo ajeak!

Atzo arte ezin izan nituen praktikan jarri medikuaren hitzak. Larunbatean, ordea, sagardotegian izan ginen, eta luzatu egin zitzaigun kontua etxeratzerako. Curryz aromatizatuak ditut oraindik hatzak, baina pozik nago! Sendatu egin naiz! Eta ez dut ajerik izan gainera!

2014en irakurritako liburuen inbentarioa

2014an irakurritako liburuen inbentarioa eramango dut hemen:

- Bihotz sinplea (Flaubert). Pasarteren bat dezente gustatu zaidan arren, ez zait nobela ona iruditu, egilea Flaubert bera izanagatik. Zer egingo zaio, ba. Ez du nire klasiko gogokoen artean tokia egitea lortu.

- Muskuiluak afaltzeko (Virgit Vanderbeke). Oso ona!

- Lolita (Nabokov). Liburuaren lehen herena bikaina iruditu zait, baina hortik aurrera luzeegia egin zait eta bukatu ezin ibili naiz. Gustura irakurriko nuke gai berarekin hasiera batean Nabokovek egin zuen ipuin luzea (berak propio suntsitua).

- La leyenda del santo bebedor (J. Roth). Ona.

- Degenerado (Chloe Cruchaudet). Gerra handitik desertatu ostean, zigor ez zezaten emakumez jantzita hamar urte egin zituen Paul Grapperen benetako istorioan oinarritutako nobela grafiko benetan bikaina.

- Contra el tiempo (A. M. Shua). Mikroipuinetan aparta omen den idazle argentinarraren ipuin luzeen antologia hau gustura irakurri dut, baina ipuin-liburuetan usu gertatzen den moduan, zapore gazi-gozoa utzi dit. Ederki hasten da liburua, hiru ipuin bikainekin: "Como una buena madre", "La revancha" eta "La sala del piano", baina ondorengo ipuinek ez dute mailari eustea lortzen, "La señora Luisa contra el tiempo" apartarekin ez bada.

- El cuaderno dorado (D. Lessing). Zapore gazi-gozoa utzi dit D. Lessing nobel saridunaren nobela mardul honek. Zati batzuk benetan bikainak iruditu zaizkit, beste batzuk, ordea, eskas samarrak, eta orri dezente sobran dituelakoan nago. Gizonei buruzko emakumeen ikuspuntua eta aske izan nahi duten (60. hamarkada aldean izan nahi zuten) emakumeen zailtasunen kontakizuna da, zalantzarik gabe, liburu honetako indargune handiena, eta pertsonaia nagusiak bere buruari egiten dion gehiegizko psikoanalisia ahulena.

- Samina (M. Duras). Oso ona.

- Bartleby y compañía (Vila-Matas). Oso ona ezaren literaturari buruzko liburu hau, bukaeran indarra galtzen duen arren.

- Marinela (Pessoa). Ona! "Oraina arretaz begiratuz gero, iadanik iragana iruditzen zait."

- El amante (M. Duras). Oso ona.

- Sueños de Bunker Hill (Fante). Ona. Erditik aurrera metxa galtzen du bikain hasten den liburu honek. Nahiko barre, Bandini antiheroi gizajoaren abenturekin.

- Años Luz (J. Salter). Oso ona. Zahartzeaz eta zatartzeaz. Bikote-harremanei buruz. Elkarrizketa bikainak, baina pertsonaia gehitxo denak ondo definitzeko.

- El fútbol, a sol y sombra (E. Galeano). Ona.

- Brasil, país de futuro (Zweig). Interesgarria.

- Baita hondakinak ere (I. Astiz). Ez naiz poesia-liburu gehiegi irakurri zalea, baina honako hau benetan ona iruditu zait (pena daukan azal irentsezina; ikus aldameneko argazkia). Kritika bikainak zituela entzuna nuen, eta oraingoan ados egon behar kritikariekin. Aipagarriak dira, besteak beste, "Audiogida", "Maitasun sorpresa demografikoa", "Garaipenna", "Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua" (hau apur bat esplizituegia iruditu zaidan arren), "Esperimentu metafisikoa logelan", "Objektuak" eta "Euskal Herria (Ginsberg erara)". Eta bikainak "Esperimentu presentziala eskaileretan", "Denbora neurtzeko", "Oroitzapena (zuzendua)" eta "Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko" hunkigarria. Ezin gehiago eskatu. 

- Euli giro (U. Alberdi). Gorabeheratsua iruditu zait Uxue Alberdiren azken ipuin-liburua. Nago, zenbait ipuinetan, bukaerari halako indarra eman nahian edo, ez ote diren neurriz kanpoko gertaerak kontatzen ipuinaren hondar hitzetan. Uxue bertsolariaren ajeak, akaso. Baina baditu ipuin onak, eta baita kontatzeko trebetasuna ere. Aipamen berezia merezi du "Opariak" ipuin bikainak; liburuko onena, nire uste apalean.

- 14 (J. Echenoz). Ona Echenozen azkenengoa. Gerra handia eta orduko ikaragarrikeriei buruz dihardu ehun orri eskasetan, bidaia turistiko bat egiten dabilenaren kontaera neutroarekin. Desertzioaren kontakizuna ez zait berehalakoan ahaztuko.


-Wilson (D. Clowes). Komiki ona. Wilsonen bizitza orri bateko istorio motzen bidez josia. Alde handia dago batetik bestera, baina batzuk oso onak dira.
-Zebra efektua (H. Cano & I. G. Holgado). Komiki ona. Canoren gidoi ona, eta marrazki dotoreak.


-Bonsái (A. Zambra). Nobela motza. Gustura irakurri dut, baina ez nau asebete. 


-Intemperies. Babes bila (L. Oñederra). Nire uste apalean, ez du larregi asmatu Oñederrak nobela honekin. Pertsonaiak ez daude nahikoa karakterizatuta, neutroegiak dira; elkarrizketak oro har ez dira zorrotzegiak (batuaren ordez gipuzkera erabiltzea, batzuetan bai, besteetan ez, koherentzia handirik gabe, oso arraroa egin zait); eta Eva haurraren atzean dagoen istorioa melodramatikoegia da, nire gusturako. Sinesgarritasunean irabaziko luke nobelak gehiegi iradokitzen ez duen umearen istorio horren ordez, sinpleago bat, normalago bat izango balu, bikote protagonista elkar ezagutzeko aitzakia gisa. Hala ere, badaude eta gustura irakurri ditut emakumeen eta gizonen izaerari eta jokaerari buruzko gogoeta interesgarriak.

-El metro revisitado (M. Augé): saiakera honek baditu kontu interesgarri zenbait, baina kitto.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net