Artisten egoak hegoak baino zabalagoak izaten direla esan ohi da, eta horregatik, akaso, lan bat gaizki ateratzen zaienean, ezkutatu, deuseztatu nahi izaten dute. Stanley Kubrick handiak, kasu, ez omen zuen bakerik izan "Fear and desire" bere lehen lanaren kopia guztiak desagerraraztea lortu arte. Ez omen zuen lan haren egile zela aitortu ere egin nahi. Idazle askok ere uko egiten diote beren lanen zirriborroak erakusteari: ezin hitz bat irakurri, lan osoa bukatutzat eman arte.
Mito moduko hori hausten duen proposamena aurkeztu dute Donostian berriki, antzezlan baten sortze-prozesuan parte hartzeko aukera emanez; hain zuzen, David Harrowerrek idatzitako "Blackbird" lanaren prestaketan. Hamabost bat lagun jardun gara antzezlanaren entseguak segitzen, lanaren zuzendari den Ttanttaka konpainiako Fernando Bernuesekin eta Isidoro Fernandez eta Fariba Sheikhan aktoreekin batera. Prestaketa lanen garapena bertatik bertara ezagutu eta antzezlan bat taularatzearen konplexutasuna ikusi eta ulertu ahal izan dugu honela.
Antzezlanaren lehen irakurketa dramatikotik hasita, azken entsegu orokorrera, lau orduko bost saio egin ditugu guztira, testuaren interpretazio anitzak, eszenografia-erabakiak eta aktoreen zuzendaritzari buruzkoak aztertuz. Zuzendaria eta aktoreak gurekin astean behin elkartzen baziren ere, egunero egiten zituzten eurek entseguak, arratsalderoko lau-bost orduko saioetan, eta hurrengo saioa iristen zenean, nabarmena izaten zen hobekuntza.
Plazera izan da prozesu honetan parte hartzea. Balio izan digu, besteak beste, egiaztatzeko, arte molde guztietan bezala, xehetasun guztiak ondo baino hobeto landu behar direla gauzak ondo egiteko, eta ikusteko antzerkiarena, inondik ere, lan gogorra eta errepikakorra dela. Uste genuena baino gehiago. Testua makina bat aldiz murtxikatu eta irentsi behar da, oihala altxatzerakoan magia apur bat egon dadin. Txaloak eta bozkarioak eta taularatzearen emozioa izugarriak dira, eta horixe da kanpotik ikusten dena, baina, sinetsidazue, batere glamourrik gabeko jardun gogorra dago aurretik. Biziki maite behar da aktore ofizioa, halako kontuetan aritzeko.
Gurekin egon diren aktoreek erakutsi dute hainbeste, eta gehiago, maite dutela euren ofizioa. Eskarmentu handikoa bata (Isidoro Fernandez), nahiko hasiberria bestea (Fariba Sheikhan), lezio handia eman digute biek ala biek. Akatsak egitea, norberaren ahultasunak erakustea ia debekatuta dagoen gizarte honetan, euren ziurgabetasunak-zalantzak-beldurrak-inperfekzioak lotsarik gabe erakutsi dizkigute, lehendabiziko entseguetatik gure aurrean jardun direlarik, egoak alde batera utzita goi-goitik hegan eginez. Fernando Bernuesek ere halako egoera zaila maneiatzeko izan duen egonarria eta samurtasuna, aktoreak une oro defendatuz eta babestuz, txapela kentzeko modukoak izan dira.
Ez da batere erraza azken produktu landuenaren ordez, tarteko, eta batez ere hasierako, urratsetako emaitzak jendaurrean erakustea. Zaila oso, baina baita ederra eta aberasgarria ere (eta ez bakarrik ikuslearentzat, baita erakusten duenarentzat ere). Pena horrelako egitasmo gutxi izatea. Gustura ikusiko genituzke, bertatik bertara, filmen errodajeak, margolarien lanak, idazleen zirriborroak, eta konpartitu euren sortze prozesuen kezkak, beldurrak, erabaki zuzen eta okerrak.
Agian, Donostia 2016ren aitzakian, artisten borroka, berez pribatuak, ikusteko aukerarik izango dugu berriz ere. Ni, behintzat, apuntatuko naiz.
Urola-Kostako Hitzan argitaratua (2014/04/03)
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
(artikulua hemen bukatzen zen, baina saio bakoitzean egin genuena modu xeheagoan ere azaltzen dut jarraian, irakurri nahi duenarentzat).
Antzezlanaren irakurketa dramatikoa egin zuten aktoreek lehen saioan, gu denok lekuko ginela. Aldi honetan, zuzendaria ez zen sartu aktoreen interpretazio-kontuetan, testuarenetan baizik. Alegia, testuak, esaldi bakoitzak, atzean zeukana argitzen saiatu ziren, axioma honi jarraituz: bilaketa-prozesua errazagoa izango da, zer aurkitu nahi den garbi baldin badaukagu.
Bigarren saiorako eszenografia pentsatzeko agindu zitzaigun, hau da, entseguak egiten ari ginen gela hura nola bihurtu antzeztoki egoki. Victoria Eugeniako 5 x 10 metroko bilera-gela laukizuzen batean geundenez, eta han bertan egin nahi zenez antzezpena, antzeztokia erdian eta publikoa laukizuzenaren alde banatan kokatzea erabaki zuen Bernuések. Horretaz gain, antzeztokian egotekoak ziren beharrezko aulki-mahai-objektuak kokatu zituzten, ez agian behin-betikoak, baina bai nolabait espazioa definitzen zutenak, bukaeran egongo zen eran. Bigarren aste honetatik bertatik, antzeztoki inprobisatu honetan egin ziren entseguak, nahiz eta aktoreek oraindik buruz ondo jakin ez testu guztia.
Hirugarren astelehenerako antzezlan osoa testurik ia erabili gabe egin ziguten (aktoreek egin beharreko mugimendu gehienak ere marraztuta zeuden ordurako), eta bukaeran, iritzi-trukean jardun ginen: aktoreen interpretazioan zer aldatu, mugimenduak nola hobetu, sinesgarritasunean eta indarrean nola irabazi, azken batean.
Laugarren saioan, eszena konkretu bat landu zen, detaile handiagoarekin, esaldi bakoitza, keinu bakoitza, hitz bakoitzaren intonazioa kasik, banan-banan burrukatuz, zehaztuz, landuz.
Bosgarren saioan egin zen lehen entsegu orokor erdi publikoa.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
-
Behin irakurri nion Jim Jarmusch-i elkarrizketa batean garai batean 500 pelikula ikusten zituela urteko. 500 pelikula! Jota geratu nintzen, ...
-
(Ordena zehatzik gabe) In the mood for love (Wong Kar-wai) la ciénaga (L. Martel) Historias mínimas (J.C. Sorín) Lost in translation (...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol