2014/05/28

Ametsen jokalekua


Ahaztu egin zaigu amets egitea. Esna gaudela, esan nahi dut. Berezkoa dugulako lotan gaudela amets egitea. Baina esna gaudela... Esna amets egite soila galarazi egin digute, eta guk ez dugu horri buelta ematen jakin. Zer esanik ez ametsak lortzen ahalegintzeaz... Gure ametsen atzetik joateko ausardia galdu dugu. Gure ametsen atzetik joateko ausardia kendu digute, eta kentzen utzi diegu gainera. Bi eskuekin ametsa lepotik ondo heldu beharrean, eskapatzen uztera ohitu gara. Borrokarik apenas egin gabe. Egunari eustea bihurtu dute askorentzat amets bakar, soldata bat lortzea helburu bakan, eta beldurra erein dute inguruetako baratzetan: ez joan aldirietara, ez fidatu inorekin, ez egin marrurik, ez hitz egin ezezagunekin, ez margotu marratik kanpora.

Horregatik, barruak mugitzen dizkigu ezinezkoak ziruditen ametsak betetzen irudikatzeak. Egingarri bihurtzen diren utopiak dira ederrenak, utopiak ez diren utopiak.


Utopia bat zirudien Kataluniaren independentziak duela gutxi arte. Utopia bat zen zure musua herenegun.

Ohe bat iradokitzen du gure gogo estuak amets hitza entzun orduko, baina edonon izan liteke toki bat ametsentzat. Hautestontzi bat izan liteke, igandean izango dira milaka, baina Europaren ametsa ez ote den amesgaizto bihurtu pentsatzen hasita gaude...

Bozkatzea ere ahaztuko zaio hainbat eta hainbat zarauztarri asteburu honetan, kiroldegi bat izango baitute amesleku, eskubaloi zaleek behintzat: Alcobendaseko Ametsen Pabilioia, hain zuzen, hantxe jokatuko dute ohorezko mailarako igoera fasea. Behinola neskek lortutako balentria errepikatzeko zorian daude herritarrak, lagunak, senideak: bi garaipenetara dute kirolarien loria, datorren urtean eliteko jokalariekin aritzeko txartela. Eta hori guztia xentimorik usaindu gabe, ez jokalariek, ez entrenatzaileek, ezta hauen atzean lanean diharduten hamaika boluntariok ere. Lortu, ez dakit lortuko duten (hortzak estututa, eta zorroztuta, arituko direla segurua da!), baina zailena egin dute, hala eta guztiz. Frogatu egin dute: ohorezko maila jada ez da utopia bat.

PD: iganderako nortasun-agiriak-eta irakurtzen dakien mutil bat behar da, zatar samarra aukeran: sudur fin eta kokots luzeduna. Hamabi orduko jarduna. Ordaindu egingo da. Idatzi bertol[abildua]bertolarrieta.net helbidera.
                                                                            Urola-kostako Hitzan argitaratua (2014/05/22)

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net