2011/11/13

Zergatik idatzi?


Musidramas (CC: aitortu, ez-komertzial, baldintza berdinetan)












EHU-ko ikasle talde bat ikerketa bat egiten ari da, eta hiru galdera egin dizkidate (idazletzat hartuta...): Zergatik idatzi? Idaztea noraino da libre? eta Zein dira zure obra/idazle gogokoenak?
Hau da bidali diedan erantzuna.

Zergatik idatzi? Hainbat erantzun bururatzen zaizkit, baina galdera batekin botako dut lehenengoa: zergatik ez?
Gero, nerabezaroan, lagunek-eta, nire idazteko afizioarekin harrituta, zergatik idazten nuen galdetzen zidatenean ematen nuen erantzuna emango nuke: hiri ez al zaik gezurrak esatea gustatzen? Beraientzat hain arraroa zena niretzat gustagarria zergatik zen ulertarazi nahi nien…
Garai hartan, sariekin lotzen nituen nire idazketa-lanak, eta sari haiek ematen zidaten aitortzarekin, bai etxean, bai komunikabideetan. Hasiera-hasieran, dena esan behar bada, Zarauzko Udalak antolatzen zuen Salbatore Mitxelena sariketa izan nuen akuilu. Lehen saria irabazi nuen 8 bat urterekin (erdi kopiatutako bi bertsorekin), eta sariak (garaiko 25.000 pezeta, liburutan gastatzekoak) gehiago irakurtzera bultzatu ninduen ezinbestean. Eta irakurtzeak idazteko grina areagotu zidala esango nuke (eta alderantziz; gainera, hainbat aldiz irabazi nuen sari hura…). Izan ere, eta hau izango litzateke idaztearen nire arrazoi nagusia, besteen liburutan lortzen nuen plazera sortu nahi nuen nik ere jendearengan. Oraindik ere gertatzen zait, duela gutxi “Lost in translation” pelikularekin izan zen. Pelikula ikusten nuen bigarren aldia zen, baina hala ere lehenengoan sortu ez zidan zirrara sortu zidan; horrenbeste ezen, horrelakoetan, nik ere sorkuntzara guztiz emana bizi nahiko nukeen (izan ere, idaztea sortzeko modu bat da, eta honek beste galdera interesgarri batera garamatza: zergatik idatzi, eta ez margotu, edo zinea egin edo…? Merkeagoa delako, seguruenik, eta marrazten oso-oso txarra naizelako…). Zirrara hori sortzea jendearengan, ez dago sentsazio hoberik! Horixe da nire helburu nagusia idazterakoan. Hurrengo kontua litzateke zirrara hori sortzeko bide asko daudela. Gaur egun, hain zuzen, zirrara hori lortzeko modu sotilenaren atzetik nabil nire literatur idazkietan. Baina hori beste galdera baten erantzuna da…

Idazteko beste hainbat arrazoi:
-dibertitzeko
-ligatzeko
-nire arazoak eta buru-janak uxatzeko
-nire burua hobeto ezagutzeko
-barruan daramadan munstroa bezatzeko
-hilezkor bilakatzeko, ezinezkoa dela dakidan arren

2) Idaztea noraino da libre?

Buf, buf, buf. Hori da hori galdera potoloa…
Gustura geratuko zineten… ;)
Lehendabizi “libre” izate hori definitu beharko genuke…
Hiztegiak begiratuz gero, eta estrapolatuz, libre idaztea litzateke guk nahi duguna eta nahi dugun eran idazteko gaitasuna izatea, eta, era berean, limiterik, eragozpenik eta murrizketarik gabe idaztea.
Teorian, noski, libre gara nahi duguna idazteko, baina praktikan, gizarte batean bizi gara, eta gizarteko tabuek, norberaren aurreiritziek, ingurukoen aurreiritzi eta postiritziek, zalantzarik gabe, eragina dute idazlearengan (edo gutxienez haren subkontzientean).
Txikitako anekdota batek lagun diezadake oraingoan ere gai hau aztertzen. Ez dakit zenbat urte izango nituen (hamar, hamaika), ikastolan idazlan bat idazteko eskatu zigutenean. Nik, idazlan horretan, ikastolako andereñoa, nire gurasoak, arreba eta inguruko guztiak akabatzen nituen, modu nahiko sadikoan, dena esan behar bada. Fikzioa zen, noski, baina andereñoak nire gurasoei hots egin zien, badaezpada, dena ondo ote zihoan galdetzeko. Beste anekdota bat: gaztetxoen bertso-paper lehiaketan hartu nuen parte beste behin (hamabi bat urterekin). Gaia jarrita bi bertso idatzi behar ziren ordubeteko tartean. Gaia honakoa izan zen: gehien maite duzunari bi bertso. Haur guztiek aukeratu zuten ama edo aita edo amona edo dena delakoa. Nik telebistari jarri nizkion bi bertsoak. Nire gurasoen erantzuna, ona izanagatik (barre egin zuten nire erabakiaren kontura, zer erremedio…), eta anekdota bera, ez dut ahaztu oraindik. Honekin guztiarekin esan nahi dudana zera da, nahi gabe bada ere, norberak bizitakoak, bizi garen gizarteak, eta abar luze batek, guregan eragin nabarmena dutela, eta idatzitakoa baldintzatuko dutela, zalantzarik gabe, guk askotan kontrakoa uste dugun arren. Idazlearen lana izango da aurreiritzi, muga, murriztapen… guztiak suntsitzea bere obraren bidez. Literatur obra on bat egiteko ez litzateke bide txarra!

3) Gogoko obrak/autoreak

Batetik, esan beharra daukat ez zaidala gustatzen gehiegi autoreak aipatzea, autoreen liburu guztiak irakurri gabe dauzkadalako (normalean), eta autore guztiek (egongo da salbuespenik) dituztelako obra txarra, onak eta erdipurdikoak. Beno, batzuk txarrak bakarrik…
Bestetik, aipatu beharra daukat, nire ustez, nire literaturan eragin nabarmena izan duela zineak (ere), eta, beraz, gustuko pelikulen zerrendarik gabe, hankamotz geratuko litzatekeela literatur lanen zerrenda hau (baina ez didazuenez eskatzen…).
Gainera, gogokoak asko ditut, baina nik uste bikainenak edo (Twitter-en nik erabiltzen dudan hitz bat erabiliz) #hilAurretikIrakurriBeharrekoak jarri beharko nituzke zerrendan.

Hor doa (eta autopropaganda pixka bat eginez, nire web orrira zuzenduko zaituztet):

28 liburu besterik ez dira, baina beno… lagin ona dela uste dut.
(webgunearekin arazorik baduzue, esan, eta bidaliko dizuet zerrenda beste modu batean).

Bukatzeko, iradokizun bat: zein obra ditugun gogoko galdetzeaz gain, irakurritako zein ez ditudan gogoko galdetu beharko zeniguten… Galdera konprometituagoa da, zinez, baina erantzunak oso esanguratsuak lirateke…


kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net