2011/08/07

J. Campion-en "The piano" pelikula dela-eta...

Pelikula ez baduzu ikusi, ez jarraitu irakurtzen, bukaerari buruzko iruzkintxo bat egitera noa eta.


Pelikularen bukaeran, Holly Hunterrek jokatzen duen pertsonaiari (Adari)...

2011/08/04

Legazpi – Chillida Lantoki Museoa – Etxeberria jatetxea (I)

Egun-pasa polita egin genuen lehengoan Legazpi aldean, Chillida Lantoki-Museoa bisitatzeko aitzakiarekin. Uztaileko asteazken batean joan ginen andrea, hamar hilabeteko semea eta hiruok, eta lehendabiziko sorpresa Lantoki-Museoaren sarreran eman ziguten: asteburuetan soilik irekia. Atean bertan jartzen zuen telefonora deitu genuen, esperantza gutxirekin, baina are sorpresa handiagoa jaso genuen arratsalderako hitzordua eman zigutenean; ez sinisteko luxua, krisi garaiotan batez ere: guretzat bakarrik ireki zuten museoa, eta “esklusiban” eman zizkigun azalpenak neskato aurpegi luze batek (gehitxo makillatuta, nire gusturako), euskara argi eta txukunean.

-          Asteburutan soilik irekitzen dugu –esan zigun, eskumuturrean tatuatuta zeukan tximeletari begira ez distraitzeko burrukan nenbilen bitartean. – Gustatzen zaizu? –galdetu zidan besoa niregana hurbilduz; oso polita, oso polita, esan nion. –Kostan geratzen dira turista gehienak… Mirandaolan egoten gara, eta norbaitek deitzen badu, hitzordua jartzen saiatzen gara.

Gure semea lo, Txillidaren mutur aurrean.

Ikustekoa da lantoki-museoa. Donostiako Tabakaleran espazioa antolatze aldera egin behar edo egin nahi dutenaren filosofia dauka paper-fabrikak ere: bere horretan utzi dituzte horma zahar handiak, papera egiteko makinaria erraldoiaren parteak, sabai altuak… Eta horrek xarma oso berezia ematen dio lekuari. 

Legazpi – Chillida Lantoki Museoa – Etxeberria jatetxea (II)

Nire lagun Etxabek esaten duen moduan (eta artista handia da bera, eta kasu egitea komeni), bidaiatzea ondo dago, eta kultura ere bai, baina bidaia kultural-gastronomikoak baino hoberik ez dago… Alegia, jan-edana ondo egitea izaten da gure tankerakoentzat, askotan, bidaiaren xede garrantzitsuenetarikoa. Beno, bale: garrantzitsuena.

Horregatik, Legazpira egindako egun-pasa honetan (ikus kronika kulturala hemen), Chillidaren lantoki-museoa irekita edo itxita zegoen begiratu ez, baina non jan behar genuen ondo planifikatuta abiatu ginen. Janarekin broma gutxi (Etxabek dixit).
 
Euskal Herriko txoko guztietan baititugu lagunak, Urretxuko kontaktuari deitu genion, gomendioa eman ziezagun. Albisua karrerako lagunak Etxeberria jatetxea gomendatu zigun:

-          Ondo jango duzue han. Hamasei bat eurotan ditek eguneko menua, eta lekua elegantea duk.


2011/07/28

Seuleko argazkiak txukun webgunean

Seulen egon gineneko argazkiak txukunduta jarri ditut www.bertolarrieta.net webgunean.
Hemen klik eginda ikus ditzakezu.

 Zure iritzia eman dezakezu, mezu honi erantzunez.
Mila esker,
Bertol

2011/07/06

Xala txapeldun: hausten den hezurra sendatzen denean

Final gogoangarrian lortu zuen Xalak buruz buruko txapela, igandean. Perfekzioaren marratik gertu jokatu behar izan zuen Olaizolari irabazteko. Hilabetean, apendize bat galdu eta txapel bat irabazi du Lekuineko pilotariak.

Asko dira beste Xala bat ikusi zutenak, sutsuagoa, beroagoa, oldarkorragoa, emozionalki osoagoa. Beste adjektibo bat gehituko nuke nik: espiritualagoa, mistikoagoa. Kirol-lehia egin dutenetako batzuek zertaz ari naizen jakiteko zortea izango dute: bada une bat, bihotzak eta buruak bat egiten dutenean, emozioak urtetan landutako gaitasun guztiak airean jartzen dizkizunean, partidaren tentsioak eta zure kontzentrazioak marraztutako marra zuriak infinituan elkartzen direnean, ikusleen indarra zure sentitzen duzunean, adrenalina zainetan dantzan sumatzen duzunean, bada une bat garaiezina zarena, patua zure alde duzula badakizuna: zurea da garaipena, zurea izango da, ez dauka atzera bueltarik. Berdin dio kontrarioak zer egiten duen. Deitu inspirazioa. Deitu kirolariaren estasia, kirol-orgasmoa. Deitu nahi duzun bezala. Nik, nire hirugarren mailako eskubaloi-atezainaren paper xumean, hori sentitzeko zortea izan dut, eta, zinez diotsuet, zirraragarria da momentu hori.

Xalak ­­––badakit––, une mistiko hori bizi zuen kantxan, lehengo igandean. “Batzuetan begi itxiekin astintzen nuen pilota, eta dena barruan sartzen zen”, esan berri du (DV). “Patua izango zen, agian. Nork daki. Ebakuntza egin ez balidate, agian ez nukeen irabaziko”, esan du, era berean (Berria). Baina esan dituen guztietatik, hauxe gustatu zait gehien (Berria): “gertatzen zaizun guztia zerbaitengatik da, eta ahal bada, pertsonalki aberats zaitzan baliatu behar da. Hausten den hezurra sendatzen denean, gogorragoa bihurtzen da.”

Zorionak Xala! Zorionak txapeldun!

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net