2012/02/23

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (V): bidaia, norberaren barrunbeetara

Duela hamabost bat egun, semearekiko harremanak ondo bideratzen ikasteko aitzakiarekin, komunikazio ez-bortitzari buruzko ikastaro biziki interesgarrian parte hartu nuen, Nerea Mendizabalen eskutik (Antiguoko Txintxirrin haur eskolan). Semearekiko harremanak soilik ez, ingurukoekin ditugunak ere egoki jorratzeko bidea erakutsi zigun Nereak, edozein gatazka-egoerari modu ez-bortitzean erantzuteko metodoa, baina, batez ere, norberaren barrunbeetara begira jarri gintuen, norberaren erraietarainoko bidaia proposatu eta geure buruak ondo ezagutzeko parada eman zigun. Bidaia hori, esan beharrik ez dago, ez da doakoa; mingarria da, barrenak mugitzen dizkizu, inori ez baitzaio norberaren miseriak argitara ekartzea gustatzen, baina bidaia bere helmugaraino eramanez gero, zinez eskertuko duzu, gure burua ulertzeak baitakar ingurukoak hobeto konprenitzeko bidea.

2012/02/05

Santa Ageda bezpera, elurretan

Bertol Arrieta ( cc-by: aitortu egiletza)


Donostiako Antiguo auzoan Ibaeta abesbatzakoak harrapatu ditugu, elur azpian kantari, Santa Ageda bezperan, eta hotza berotu digute.

Zortzi argazkiko erreportajetxo hau merezi zuten, gutxien gutxienik.

<<...baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi dugu gogoz! >>


2012/01/24

Kubako argazkiak, zuri-beltzean

2008an Kuban egindako argazkiak, webgunean.
Bertol Arrieta (CC 3.0: aitortu & baldintza berdinetan partekatu)

Behean duzun "X iruzkin" botoiari emanda utz dezakezu argazki hauei buruzko zure iritzia.
mila esker,
bertol

2012/01/10

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (IV): umetxoaren negarrari, jaramonik ez?


Inguruan asko ikusten ari naiz: negarrez ari den umetxoari, oraindik hitz egiten ez dakien horri, jaramonik ez egitea, negarrez uztea, bere kabuz (azkenean) isiltzen den arte. Edo umetxoak bakarrik lo egin dezan Estivill metodoa aplikatzea.

Ez naiz ni aditua gai hauetan, baina honi buruzko oso ikuspuntu interesgarria irakurri dut, eta hemen jarriko dut halako laburpen bat, norbaiti lagungarri gerta dakiokeelakoan.

2011/12/13

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (III): gaitasun berri arraro hori


Bat-batean barneratzen duzun gaitasun bat da. Ahalegin berezirik egin gabe. Atzo ez zeneukan, eta gaur bai. Egun batetik bestera gertatzen da, harrigarria badirudi ere. Eta abilidade berri hori eskuratzeko, ez duzu ikasten jardun behar, ezta praktikatzen edo entrenatzen ere. Berez datorren zerbait da, nahi gabe zugan sortzen dena, ezerezetik etorria, betidanik zure baitan egon balitz bezala.

Baina ez da horrela. Ez da betidanik izan duzun gaitasun bat. Eta ez zeneukanean, harritu egiten zintuen besteengan erraztasun hori ikusteak, trebetasun hori normala balitz bezala nola erabiltzen zuten egiaztatzeak, eta zuk, inozo horrek, zertan ari ziren ulertu gabe, behatzen laguntza behar zenuen euren parean jartzeko…

Igaro dira egun ilun horiek, ordea. Orain, zu ere euretako bat zara. Eta okerrena da ez dakizula nola gertatu den, ezta zehazki noiz gertatu den ere. Atzo izan ote zen, herenegun, edo duela bi aste, auskalo!, baina bat-batean norbaitek zure semeak zenbat denbora duen galdetu dizunean, bai, zuk ere halaxe erantzun duzu: hamabost hilabete. Eta harrituta begiratu diozu zeure buruari, euroak pezetatara bihurtu behar ez bazenitu bezala sentitu zara, semearen adina hilabeteetan emateko eta hilabete horiek zenbat denbora diren ulertzeko gai zarela ikusi duzunean.

Eta pentsatzea, lehen, duela ez horrenbeste, gorrotatu egiten zenituela urte eta erdi esan ordez hemezortzi hilabete zioten odolgabe haiek…

2011/11/15

Eroak


Pertsona bat hil eta sei zauritu zituen atzo gazte batek Bilbon, jakingo duzue, egunkari guztiek dakarte berria. Irratia entzuten ari nintzela jakin dut nik. Abizenen grafia euskaratzeari buruz ari ziren, eta nik ere lehen abizenarekin arazo hori ez dudan arren (Arrieta horrek ez baitu aukerarik ematen “castellanizatzeko”), nire bigarrenarekin (Cortajarena) halako batean zerbait egin beharko nukeela pentsatzen ari nintzen (halako mingostasun txiki baina eramanezina eragiten baitit C letra hori abizenaren hasieran ikusteak), Bilboko berriemailearekin konexioa egiteko eten dutenean abizenei buruzko jarduna.

Berriemaileak kontatutakoak jarri nau egunkari bila. Xehetasun txikiek jarri didate oilo-ipurdia, uzkurtu didate bizkarrezurra: “sukaldeko aizto bat erabili zuen, hamazazpi zentimetroko xafla zuena”, “taberna barruan, beste gizon bati eta beste emakume bati eraso zien; langileak sukaldean babestu ziren, eta atearen kontra ere sastaka ibili zen”, “nora ezean zebilen, begirada galdua zuela”, “bere onetik aterata jardun du 31 urteko gazteak”…

Sarraskia gertatu den tokiaren parean, estetika-zentro batean lan egiten duen emakumea gutxigatik libratu da: “ni izan nintekeen hildakoa, normalean lehenago heltzen naiz, baina gaur bidean lagun batekin egin dut topo, eta…”

Oilo-ipurdia jartzen zaizu, bizkarrezurra uzkurtzen: ni izan naiteke hurrengoa, edo zu, zu izan zaitezke. Zergatik ez? Geroz eta jende gehiago dago langabezian, geroz eta jende gehiago geratu da etxerik gabe, itxaropenik gabe, ezer gabe, geroz eta ero gehiago dabil kaleetan.

Berriz irakurri dut berriaren hasiera: “Ustezko erasotzailea 31 urteko gizonezko bat da, B.A.K., eta Barakaldon bizi zen; ez zuen, itxuraz, inongo harremanik biktimekin…”. Izuak hartu nau: edonor izan daiteke hurrengoa, ero asko dabil kaleetan, agian zu, agian bera, agian…, ni izan naiteke hurrengoa, ni izan ninteke atzokoa.

2011/11/13

Zergatik idatzi?


Musidramas (CC: aitortu, ez-komertzial, baldintza berdinetan)












EHU-ko ikasle talde bat ikerketa bat egiten ari da, eta hiru galdera egin dizkidate (idazletzat hartuta...): Zergatik idatzi? Idaztea noraino da libre? eta Zein dira zure obra/idazle gogokoenak?
Hau da bidali diedan erantzuna.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net