2012/09/20

Alter ero: liburu-trailerra

Donostiako Zinemaldiaren aitzakian, liburuaren trailerra egitea okurritu zaigu. Hemen duzue. Ea gustatzen zaizuen.


                             "Alter ero", Bertol Arrietaren ipuin-liburua. Susa (2012).

Liburuaren aurkezpena, urriaren 2an izango da, Donostian, San Jeronimo kaleko udal-liburutegiko sotoan, goizeko 11:00etan. Gonbidatuta zaudete!

2012/09/12

Azala behar da, gero!

Azala behar da norbere liburuaren propaganda egiteko! Bada, horixe! Hementxe azala:



"Altero ero" ipuin-liburua: urrian zure ohiko liburu-dendan!

Eta parte-hartzeko deia: jakinik ipuin-liburua dela, zer iradokitzen dizu izenburuak?
Bota beldurrik gabe, mezu honi erantzunez.
Mila esker!

2012/03/18

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (VI): Zer den bizitza

Elefante bat. Elefante marroi-granate antzerako bat oparitu zion beltzak emazteari, tabernan tripa handiarekin ikusi zuenean. Gerrikoak, lepokoak, eraztunak, ordulariak saltzen ari zen, eta gu tragoa hartzen, abuztu bukaerako egun eguzkitsu batean; oporren amaierari neurria hartzen, aldez aurretik.

-   Da suerte –esan zion gaztelania txukunean, eta zortzi hilabete eta erdiko tripa handia seinalatu zuen behatzarekin – Para ti, para ti... –gehitu zuen gero, oparitu egiten ziola argi adieraziz.

Sartu zen moduan atera zen tabernatik, ezer saldu gabe, tragorik hartu gabe, eta ezer eskaini ez izana damutu zitzaidan, berandutxo, hala ere.

Hemen nago orain, seme lokartuari begira:  ba al da ederragorik, umetxo bat lotan goxo ikustea baino? Elurra epel erortzen zure egongelako leihotik?

Urte eta erdi da gaur semea jaio zela, eta haren jaiotza etorri zait gogora, urterdimuga honetan, eta jaiotzarekin batera, elefante marroi-granate txikitxo hau, esku ahurrean eroso eserita daukadana; atzeko hanken gainean eserita baitago elefantea, eta tronpa altxatuta. Hainbat gauza idatzi ditut dagoeneko aitatasunari buruz, baina oraindik ez dut hasiera kontatu... Urte eta erdi behar izan ote dut hau idazteko adorea biltzeko?

2012/02/23

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (V): bidaia, norberaren barrunbeetara

Duela hamabost bat egun, semearekiko harremanak ondo bideratzen ikasteko aitzakiarekin, komunikazio ez-bortitzari buruzko ikastaro biziki interesgarrian parte hartu nuen, Nerea Mendizabalen eskutik (Antiguoko Txintxirrin haur eskolan). Semearekiko harremanak soilik ez, ingurukoekin ditugunak ere egoki jorratzeko bidea erakutsi zigun Nereak, edozein gatazka-egoerari modu ez-bortitzean erantzuteko metodoa, baina, batez ere, norberaren barrunbeetara begira jarri gintuen, norberaren erraietarainoko bidaia proposatu eta geure buruak ondo ezagutzeko parada eman zigun. Bidaia hori, esan beharrik ez dago, ez da doakoa; mingarria da, barrenak mugitzen dizkizu, inori ez baitzaio norberaren miseriak argitara ekartzea gustatzen, baina bidaia bere helmugaraino eramanez gero, zinez eskertuko duzu, gure burua ulertzeak baitakar ingurukoak hobeto konprenitzeko bidea.

2012/02/05

Santa Ageda bezpera, elurretan

Bertol Arrieta ( cc-by: aitortu egiletza)


Donostiako Antiguo auzoan Ibaeta abesbatzakoak harrapatu ditugu, elur azpian kantari, Santa Ageda bezperan, eta hotza berotu digute.

Zortzi argazkiko erreportajetxo hau merezi zuten, gutxien gutxienik.

<<...baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi dugu gogoz! >>


2012/01/24

Kubako argazkiak, zuri-beltzean

2008an Kuban egindako argazkiak, webgunean.
Bertol Arrieta (CC 3.0: aitortu & baldintza berdinetan partekatu)

Behean duzun "X iruzkin" botoiari emanda utz dezakezu argazki hauei buruzko zure iritzia.
mila esker,
bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net